2010-02-05

Bi urte, giltzapean

Aranjuezeko espetxea “kanpotik” baizik ez dut ezagutzen. Kartzela horretan, “barruan” zegoen lagun bat ikustera joan ginen duela urte gutxi batzuk. Kanpotik, Aranjuezeko espetxeak ez du oso itxura txarra -beste batzuekin alderatuta, behintzat- berria baita, eta “moderno” xamarra da eta, gutxienez gu joan ginela, garbi zegoen harrera-lekua.

Bisitariak hartzeko gunera helduta, urdinez jantzitako funtzionario bat zegoen, kristal berezi baten atzean. Leihatilara hurbildu, eta funtzionarioak, nortasun agiriak eskatu eta gero, ea nor bisitatu behar genuen galdetu zigun, esku arteko zerrenda bati begira. Gure lagun presoaren izen-abizenak eman genizkionean, begiak zerrendatik jaso eta, bekainak goraturik, hauxe esan zigun: “Pero ese es de la ETA” Alferik hasiko gintzaizkion ETAko kide izateaz akusatuta baizik ez zegoela eta hilabete asko zeramala gure lagunak behin-behineko espetxeraldian.

Orduko hartan arazo handirik gabe egin genuen bisita kristal -nahikoa garbi- lodi bat tartean genuelarik. Bisitatik ateratzean, lehengo funtzionarioak berak nortasun agiria itzuli zigun disimulatu ezinezko erdeinuzko keinu batekin. Guk, diosal modura, gure irribarrerik zuriena eskaini genion. Irribarrea ez zigun kenduko kartzelero triste batek. Umorerik gabeko iraultza, gorringo gabeko arraultza.

Esan dezadan, bidenabarkoan, gure lagun horrek bi urte oso-osorik eman zuela giltzapean, “bigarren soldaduska” berak ironiaz dioen gisara. Epaiketara joan gabe, aske atera zen gure laguna, fiskalarekin bi urteko zigorra -ordurako beteak zituenak jada-, “adostu” eta gero. Gure laguna ez zen ETAkoa, beste asko eta asko bezala ETAko kidea izateaz akusaturik egonik ere, bere argazkia albistegi guztietan agertu bazen ere, bortizki torturatu zuten arren, eta Aranjuezeko jagoleak esandakoa gorabehera.

Lagun hori deblauki utzi zuten kale gorrian, Aranjuezeko espertxeko atarian, beste kideei agur esateko aukerarik eman gabe: “Kartzela laostia duk. Nahi zutenean hartu nindiatean eta, bi urte barruan emanda, bat-batean, a la puta calle: bertze kideei agur erraten ere ez zidatean utzi. Hori mixerablea izatea duk. Gutxienez, bazitean agur esateko aukera ematerik... ez?”. Arrengura hori du nire lagun horrek, kartzelan egon ez denak nekez uler dezakeena.

Pernando Barrena Arzak ere beste bi urte eman ditu giltzapean eta Aranjuezeko kartzelatik atera berri da lerrook idazterakoan. Duela bi urte, Santa Ageda bezperan, Pernando eraman zuten polizia nazionalek Garzón epailearen aginduz. Orain, ez dakit agur esateko aukerarik eman dioten Pernandori beste kideak agurtzeko. Aranjuezeko espetzean baino lehen, Duesokoan egon da, eta lehenago, Leongoan: dispertsioaren lilura, beraz, pairatu du berak baita bere familiak ere. Dirutza baten bermepean uzti dute behin-behineko askatasunean, baldintza gogor batzuk jarrita ere:“bilera, manifestazio, jendaurreko ekitaldi, koalizio edo alderdi politikotan” parte hartzea debekatuta. Ez dakit legezkoa den, baina argi dago ez dela zilegia. Alabaina, jadanik inozo batek baino ezin lezake espero ezer onik Espainiako Justiziatik.

Debekatu diote politikan jardutea badakitelako Pernando Barrena irmo eta sendo engaiaturik dagoela benetako aldaketa ekar dezakeen prozesu politiko demokratikoaren alde, badakitelako ez duela sekula amore emanen eta, finean, mugimendu independentistaren beldur direlako. Zorionez, alkohola edatea debekatu ez diotenez, eskailerapean gorderik dudan botila bat Bushmills whisky irlandarra emango diot.

Bederatzi urteko alabak galdetu dit ea Santa Ageda eta Inauterien kalejiran parte hartzea debekatu dioten. Absurdoaren erresuman bizi garenez, ez da galdera txarra. Nolanahi den ere, aurtengo Santa Ageda bezpera berezi-berezia izan da Berriozarren:

Santa Ageda bezpera dugu

Euskal Herriko eguna

zeren gurekin berriro dugu

gure Pernando Barrena.

Santa Ageda bezpera, Nafarroan, tximinia garbitzeko eguna omen zen antzinean eta tximinia orotan burdinazko kate kakodun bat izaten da, laratza. Nafarroa Beherean gertaera on bat ospatzeko laratzari koska bat egiten omen zitzaion: Pernando kalea dela-eta, koska bat eginen diogu gure gogoaren laratzari. Ongi etorri, Pernando, eta besarkada bero bana senide guztiei.

Dagokionari: duela bi hilabete Pernando Barrenari igorri nion postala berehala itzultzeko eskatzen dut. Honezkero, bi hilabete igaro dira eta uste dut denbora izan dutela euskarazko nire mezua itzultzeko. Era beran, dagokionari jakinarazi nahi diot postalean agertzen zen euskarazko hitz bakarrak, “goraintziak” hitzak, gaztelaniaz recuerdos esan nahi duela. Epaile txit agurgarri baten ahotik dakit Espainiako Justiziak ez duela piperrik ulertzen euskaraz, “no entiende ni papa” alegia, baina uste dut bi hilabeteko epea nahikoa dela hitz bakar hori Cervantesen hizkuntzan emateko.

Eskatutakoa kontuan hartuko ez duelakoan,








No comments: