2010-02-10

Biba Pellot, biba festa!


Ruper Ordorikaren kanta zaharraz idatziko dudalakoan? Oker zaude, bada, irakurle hori.

Aspalditik ez dut gazteentzako liburuez blog honetan idatzi eta duela pare bat urte ateratako liburu beti buruz idaztera noa, Pellot eta Enperadorearen bahiketa liburuaz hain zuzen.

IƱaki Mendizabal Elordik idatzia, abenturazko nobela honetako protagonista Pellot lapurtarra dugu, kortsario euskalduna, Azeria. Piraten abentura klasiko baten ildoak historiaren pasarte ezagun baten ildoekin txirikordatzen da: Napoleon enperadorea Elba irlan gatibu egon zeneko garaietan Pellot-ek Napoleon askatzeko lana hartzen du, balizko sari eder baten ordainetan... Baina balizko errotak irinik ez, irakurle preziatu hori.

Gaia erakargarria da, eta oso gustura hasi nintzen irakurtzen; nobela, izatez, gustura irakurtzen den horietako bat da; Pellot-en lagunak irudikatzeko pertsonaiak arketipikoak dira, baina ziur naiz gazteek gozatuko dutela.

Halere, dudan sentsazioa da hobeki biribil zitekeela istorioa; ene irudikoz, indarra galtzen hasi zen azkeneko ataletan eta bukaeran utzi didan zaporea gozoa izan da, garraztasun puntu batekin baina; neskaren kontua ez al zen sobera prebisiblea, adibidez?

14-15 urtekoek irakurtzeko istorio gustagarria: ez dakit, irakurle, adin-tarte horretan zauden... Ez bazaude ere, irakurle estimatu hori, zergatik ez irakurri orain euskal kortsario eta piraten abentura bat?

Liburu honetaz gehiago jakin nahi izatera, alde batetik, Xabier Etxaniz Erlek duela bi urte GARAren literatur gehigarrian egindako iruzkina duzu irakurgai; bestetik, beste blogari batek egindako iruzkin kritikoa ere hementxe duzu.

Honaino heldu bazara, irakurle estimatuaz landa, maitea ere dei niezazuke, ezta?

Agur t'erdi, beraz, irakurle maitea. Astindu banderak eta hortzak estutu: erasora!

No comments: