2009-06-28

Ezkabamendin

Ezkabako Talaitik du izena blog honek. Metafora bat da, noski, baina gaur goizean Ezkabako Talaiaren ondo-ondoan izan naiz... eta ez da metafora bat.

Ezkaba mendi gainean orain arte ez zegoen postontzirik; aurten 25 urte bete ditu Zulo Alai Elkarteak eta, urteurrenaren karietara, postontzia ezarri dute, aspaldi beharrezkoa zena. Mendi Kirolen Nafarroako Federazioak eta Berriozarko Udalak babesturiko ekitaldi xumean hirurogei lagun baino gehiagok parte hartu dute eta gehien-gehienak oinez igo dira tontorreraino, Lantzeluze pilotalekutik abiatuta.

Gonbidatu gabeko batzuk ere izan ditugu goiz osoan zehar guri beha: txapelokerrak.
Errusiako esaera zahar batek dioen modura, "gonbidatu gabeko bisitariak tartaroak baino okerragoak dira". Guztiarekin ere, eguerdiko ekitaldian, gotorlekuan egondako eta hildako preso politikoak ekarri dituzte gogora, baita gaur egungo preso politikoak ere. Halaber, jadanik gurekin ez dauden bazkideak gogoratzeko baliatu dugu: horixe izan da ekitaldiko unerik hunkigarriena.

Euskal esaera zahar batek dioen gisa, "herri bakoitzak bere azturak" eta hemengo ohiturari jarraiki, ekitaldia amaitzeko otamena gozatzeko parada ukan dugu. Txapelokerrak gosez gelditu dira.




Ezkabako Talaiatik, bertatik bertara egindako argazkiak ikusgai.

2009-06-18

Euskalerria Irratiari eutsi

Euskalerria Irratia eguneroko gure arnasa da, airea bezain beharrezkoa Iruñerrian. Horregatik kendu nahi digute: arnasarik gabe Ezkaba inguruko euskaldunok itoko garelakoan.

Alberto Catalán jaunak aspaldi galdu zuen lotsa, eta lotsagabeki nahi du Euskalerria Irratia itxi. Corellako politiko honi berdin zaio gezurretan aritzea: "interferentziak" sortzen omen ditu Euskalerria Irratiak... Ez gehiegi fida, Air France-eko Airbus-aren istripua euskaldunoi egozteko gauza da UPNko presidenteordea!

Blog honetan bertan agertu dudanez,
hilabetean behin literatur kolaborazio txiki bat egiten dut Euskalerria Irratian, eta gustatuko litzaidake hurrengo batean zerbait idaztea politiko corellarren pisuaz Nafarroako politikagintzan: izan ere, Alberto Catalán ez da katalana, Corellakoa baizik... Hau ere Corellakoa, alegia.

Dena dela, gatozen harira: Facebook sare sozialean
bolo-bolo dabil atzotik Irratia euskaraz iruñerrian! izeneko ekimena... Une honetan, 289 lagunek bat egin dugu ekimenarekin dagoeneko, oso ordu gutxitan egin ere. Baietz lortu 500!

Besoak antxumaturik geldituko al zara?

2009-06-14

Politikan ez dago gauza politikan

Duela gutxi Lazkao Txiki aipatu nuen blog honetan bertan. Lehengoan berriz ere baliatu nuen haren antanaklasia bat atzo GARAn atera zen artikulu baten izenbururako. Nork esango zuen Lazkao Txikik antanaklasiak botatzen zituela? Bertsolari txiki-handiak ere ez zuen susmatuko...
Bidenabar, tamainaz txikia baina bihotzez handia zen Joxe Migel Iztueta-ri bertsolari txiki-handia deitzea... Ez al da paradoxa bat? Edo oximorona?
Inork emanen al du taxuzko azalpenik eta argitasun pixka bat sortuko galderen iluntasunean?

2009-06-05

Pantaila beltzeko gizon zuria


Egongelako pantaila txikian gerra erakusten digute gauero. Afganistan, Pakistan, Tajikistan, Turkmenistan, Uzbekistan, Kazahstan edo Auskalostango irudiak dira. Gerra telebista bidez ikusteko ohitura hartu dugu, honezkero. Hegazkin militarren koheteen marra berunkarak eta bonba inteligenteen leherketa gorrien islak gure egongeletako hormetan marrazten dira.

Berehala, baina, telebistako irudiak aldatzearekin batera, gerra arrastoak desagertzen dira gure hormetatik. Gerra irudien ordez, aurkezle gorbatadun bat agertzen zaigu gezur hau aldarrikatzeko, hipokresia infinituaren adierazgarri: "Horrela gertatu dira gauzak, eta guk horrela kontatu dizkizuegu" Ba al da oraindik hori sinesten duen inor? Esatari zuritzaileak ez digu kontatzen hegazkin militar horiek Bardeetako tiro poligonoan trebatu direla; ez digu kontatzen Espainiako Estatuak zenbat milioi euro irabazten dituen urteko armak sartzen; ez digu kontatzen telebistako irudietan ikusi ditugun gaueko irudi horietan zenbat lagun hil dituzten kohete eta bonba inteligente horiek.

Aitzitik, aurkezle gorbatadunak iragartzen digu etzi eginen diren Europako Hauteskundeetan Espainiako soldaduek botoa eman dezaten posta bidezko epea luzatu dutela; irudi batzuek laguntzen dute esatari zuriaren diskurtsoa: soldadu espainol irribarretsuak agertzen dira irudietan, hegazkinetan harro, blindatuetan alai, patruilan adeitsu; lehen bonbekin birrindu dituzten zubiak eraikitzen ari diren soldadu horiek beraiek. Bake misioa eufemismo iraingarria agertzen da telebistako beheko zerrenda beltzean: azpititulu zuria, esatariaren mintzo melengaren osagarri.

Gure egongeletako hormetan ez dago jada koheteen marra berunkara edota bonba leherketa gorrien islen arrastorik. Laster ahaztuko zaigu Afganistan, Pakistan, Tajikistan, Turkmenistan, Uzbekistan, Kazahstan edo Auskalostango irudiak ziren. Segur aski, Auskalostangoak ziren... Izan ere, inork al daki non dagoen Auskalostan?

2009-06-02

Ura bezain garbia

Europako Parlamenturako Hauteskundeek ez dute gogo gorririk pizten politikaren ur uherretan murgiltzeko. Lazkao Txikik aspaldi handian gaztigatu zigun: "Politikan ez dago gauza politikan". Gizon handia zen gure Lazkao Txiki.

Aitzitik, harrizko gure herri honetan, aspaldi ez bezalako ilusioa piztu du jende anitzen gogo-bihotzetan hautesle zerrenda batek:



Erositako prezioan ematen dizut nik; eta gora bihotzak!

2009-06-01

Gallurren

Gallurren egon nintzen atzo. Gallurren bai, baina ez mendi baten gailurrean: Gallur herriko gasolindegian, Nafarroako mugatik 35 kilometrora. Izan ere, gutxien espero duzun lekuan topatzen dituzu euskaldunak: mendi gailurretan ez ezik, Gallurreko gasolindegian ere euskaldun batzuk topatu ginen atzo: Su ta Gar taldekoak.

Eibartarrak Kataluniatik bueltan zetozen eta gure artean konplizitatea segituan piztu zen:
"Ostiralean, Tarragonan, oso ondo: atzo, El Prat-en, neketuta; baina han ere oso ondo" esan zigun bateria jotzaileak.
Abeslariak Rollng Stones-en disko bat aurkitu zuen gasolindegiko saltokian. Baxu jotzailea bestaldean gelditu zen, alegia, www.bestealde.com izena daraman furgonetan. Guk, aldiz, aukera izan genuen kitarra jotzailearekin argazki bat ateratzeko.


"Ondo ibili"

Pantxoa eta Peio ari ginen entzuten Gailurreko gasolindegira heltzean; gasolindegitik atzeratzean, Jo ta Ke disko bikoitza jarri genuen eta Erriberriraino iraun zuen 2. CDak...

Nik ez diat inoiz esango,
hire eginbeharra zein zen:
nik aspaldi egin nian aukera
...

Atzo plazer bat izan zen Gallurren gelditzea gasolina hartzera eta, Su ta Gar-ekoei esker, lagurragoa egin zitzaigun bidea.

Ea hurrengoan mendi gailur batean egiten dugun topo.