Hilean behin, poema xume bat irakurtzeko asmoa dut Euskalerria Irratian, Arratsalde.on saioan. Hileroko hirugarren asteazkenean, 17:30ean, emititzen dute. Jarraian duzu poema eta, entzun nahi izanez gero, behera kargatzeko aukera daukazu mp3 formatuan.
Azken hiru asteotan nire bizibideak goia jo du,
zure gorputzaren usnan lurrunak azpiratu ninduenetik.
Esadazu nola beste gizaseme xaloek ez duten atzeman.
Berrogeitaka urteren bueltan zaharregia estrata bihurrietan ibiltzeko
zuri begira kontent naiz billabesako bidaia eternalean,
ezen, harrezkero, zure begiradari helduta joaten naiz bizitzaren busean.
Azken hiru egunotan zeinen gaitza zaidan ilaran,
zu zakartzan busaren esperoan -eta desesperoan- egotea.
Zure gibelean hitz totelak jalgitzeko abiatu naiz hirutan,
eta hiruretan hirurak erdibidean geratzeko kondenatua;
zertarako abiatu, hitz ulergaitz batzuk baino ez murmurikatzeko?
Azken hiru orduotan irrikatzen zintudan eta azaltzean begiek zure azalaren zirrikitua bilatu zuten, bularren errekaren bazter txuriak miresteko...
ezen zuri beha ditut ene amets eroak eta haragietako dardarizoak baretzen.
Azken hiru minutuotan zure gorputzaren siluetari jarraiki galdu naiz.
Zugan pentsatzeari jarririk, isilunezko mintzoak aditzeko gai bazina...
Azken hiru segundotan zure siluetak inoiz baino biluziago dirudi.
Eta geldialdi eskatua mezu apokaliptikoak hautsi du dena...
ezen ez dezadan neure burua engaina; zergatik aipa igarotako pasadizoak?
Bihar ere, zu zakartzan busean izanen nauzu.
Pasio gorria billabesa berdez mugitzen da Iruñean barna.
Azken hiru... poema hori Poesia joan-etorrian/Poesía en movimiento errezitaldian irakurri nuen, Mendillorrin, irailaren bukaeran. Argazkikoak dituzu La Montañesa-Veoliako burua, Iruñerriko Mankomunitateko presidentea, eta Nafar Ateneoko idazkaria; hiru erakunde horien artean egindako ekimena izan zen, eta errezitaldian irakurritako poemak liburuxka formatuan eman ziren argitara. Liburuxkaren aleak billabesetan banatu zituzten, Mugikortasunaren Astea-ren karietara.
No comments:
Post a Comment