Arrosarioa baturik errezatzen duen familiak baturik iraunen du. Urteak eta urteak eman nituen esaldi hori entzuten –ezen ez aditzen- etxeko irrati-aparatuan. Gure aitak beti egiten zuen otoitz bazkaldu eta afaldu aitzin, eta igandero-igandero, 14 urte bete arte, mezatara joatera behartzen ninduen. Katekesian ere orduak eta orduak eman nituen kristau zintzoz inguraturik, Cristo Rey parrokian; izen horrekin, atera kontuak! Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea amaitutakoan, COU delako hori bukatutakoan, apaiz ona izan nintekeela esan zidaten. Zin-zinez diotsuet: apaiztegirako bidea hartu izan banu, gure aita zoriontsua izanen zen. Horregatik, OPUSekoek niregana jo zutenean, eta nik antzarak ferratzera bidali nituenean, aitari eman nion disgustua ez zen nolanahikoa izan. Handik gutxira soldaduskara ere ez nintzela joango esan nionean, disgustu handiagoa eman nion... Ordurako Cristo Rey-ren bidetik aldendu eta Iruñeko Talde Antimilitaristara hurbildua nintzen, Eguzki Irratiaren egoitzara... O tempora, o mores!
Igande honetan, hilaren 12an, ez naiz mezatara joango; aita ez dadila enteratu, baina Hispanitatearen egunean ez naiz Pilarika-ren omenezko mezara joango, ezta militarren desfilea telebistan ikustera ere, aitarekin egiten nuen gisara. Aita en regulares-n ibilia zen eta gustatuko zitzaion ni izatea, adibidez, kapilau militarra. Aitzitik, ni nahikoa irregularra naiz, eta, agerian dagoenez, aitaren ametsa ez zen egia bihurtu. Gustatuko zitzaion ni izatea Francisco Pérez Gonzalez-en gisakoa: kapilau militarra lehen eta Iruñeko eta Tuterako artzapezpikua orain.
Niri gustatuko litzaidake jakitea aurten zer egin behar duen Igande hoentan artzapezpikuak; joango al da 12ko desfilean parte hartzera? Gustura hartuko luke desfilean, alajaina! Nork esaten zuen aurreko gotzaina, Fernando Sebastián, oso fatxa zela? Bada, oraingoa ultrafatxa da! Fernando Sebastianek behin jantzi zuen Guardia Zibilaren trikornioa; Francisco Pérezek, ordea, uniforme osoa du...
Ondoko argazkian duzue, Estatu Batuetako Armadako beste kapilau batzuekin, Manas-eko basean. Argazkiarekin batera datorren oharrak ez du argitzen hegazkinak aireratu aitzin bonbak bedeinkatu zituzten ala ez. Baina biolentoak besteok omen gara.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment