Artikulu horretan arotzaren eta itzultzailearen arteko analogia garatzen da. Testu polita da, nik kontu batzuk zehaztuko nituzkeen arren.
Ene irudikoz, arotzaren jarduna idazlearenarekin parekatu daiteke, ez soilik itzultzailearen jardunarekin.
Bestalde, testu bat egiteko, ezpata bat bezain zorrotza den testua, ez idazlea, ez arotza, ez dira zerotik abiatzen; badute atzean sostengu baten tradizioa eta kultur ondasuna, badute eskarmentua -afizioz hartua edo ofizioz ikasia- eta, badituzte oinarria hartzeko ereduak.
Hasteko, mailua -edota arotzak idazluma- hartu aitzin, bezeroarengan, hartzailearengan, pentsatu behar da, eta produktua norentzat den kontuan hartuta, ideiak zehazten hasiko da, eta behar dituen tresnak antolatzen; sutegia piztu; ikatza, ura eta beste hainbat tresna prestatu beharko ditu. Zeren "nolako hartzailea, halako ezpata": batzuentzako egin beharko ditut kobre-altzairuzko testu gorriak, beste batzuentzat kobalto-altzairuzko testu erakargarriak, eta beste batzuentzat karbono-altzairu arruntak. Baina, egon, badira manganeso-altzairu, nikel-altzairu, bessemer-altzairu eta beste hainbat testu mota.
Orduan, eta ez lehenago, burdina berotu eta hasiko da zirriborroak egiten, lehen mailukadak ematen... baina ez edonola! Ideiak antolatu behar dira; ideia bakoitza pasarte batean, eta ideiak hurrenkeran behar dira eman; aroztegian ere atalez atal egin behar dira lanak. Burdina gorri dagoenean jo behar da, atsotitzak agintzen digun gisan, baina kolpe zehatzak emanda, gozo, leun, arin -baina ez arinkeriaz-; kolpe kopurua ere, neurrian; izan ere, kolpe gehiegi emanez gero, hitz gehiegi, hartzailea aspertuko dugu...
Burdina gori-gori dagoenean hasiko da itxura hartzen, baina beti behar da denbora burdinak behar duen berotasuna har dezan... Era berean, testu on batek ere denbora behar du: Azkar eta ondo, usoak hegan, hil berri den Gotzon Garate-ren Atsotitzak bildumako beste esaera zahar baliatuta. Eta, halere, azken puntua jarrita ere, lana ez dago bukatua; azken kolpea eman eta gero, beti geldituko zaigu hirugarren fase bat.
Egin dugun objektua, artefaktu komunikatiboa, berrikusi eta okerrak zuzentzeko ordua heldu da; izan ere, ezpata zorrotza egin nahi dugu, irakurlea gustura uzteko modukoa, bezeroa asebeterik utziko duena. Orduan helduko da ikatz-hautsa gehitzeko ordua, testua aberasteko ordua, burdina altzairu bihurtuko bada. Gure testua aztertu eta hutsak kentzeko unea, ezpata zorrotz-zorrotz utziko badugu.
Eta bezeroari eman aitzin, ezpata probatuko dugu, ea uste bezain zorrotza den; testua probatu eta eraginkorra dela frogatuko dugu: Dzast! Alafede! Zinez, hitza ezpata bezain zorrotza izan daiteke. Irakurri dudan testua ona zen, gramatikalki zuzena ez ezik, ongi antolatua ere; eta aberatsa, dirdiratsua. Arotzaren trebezian datza sekretua. Baina nork ezagutzen ditu arotzaren sekretuak? Nork dauka sorgin-harria? Nor da filosofoen harriaren jabe?
Lagunok! Ez denaren bila ez abia; sorgin-harririk ez da. Inor ez da arotza edo idazlea jaio; idazten ikasi egiten da. Sekretu bat eta bakarra ez dago; arotzak jarraibide batzuk ikasi zituen maisuarengandik, gaur egun zientzia eta teknikak ikasten diren legez; idaztea ikasi eta landu behar den zerbait da. Juan Garzia Garmendiak duela zortzi urte idatzi zigun Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 30. zenbakian: "Idaztea ikasi eta landu behar den zerbait da"
Denok ez gara inoiz izanen goi-mailako arotza edota idazle; kontua da ezpata bat, edo lantza bat, edo gezi bat egiten ikastea. Arte-lana eta teknika uztartzen dira aroztegian eta idaztegian.
Vale bene
No comments:
Post a Comment