2008-10-11

Jauna, Zu zara gure jomuga.

Bihar, Pilarika egunean, el coñazo del desfile, Raxoi-ren hitzetan. Ea zer aurpegiarekin azaltzen den bihar Madrilgo desfile horretara. Bera bezalako espainol txintxo batentzat coñazo bat bada, zer esango dugu espainol sentitzen ez garenok!
Nola edo hala -ezen ez nolanahi- Raxoi agertuko da. Azala behar da gero! Baina lasai, azal gogorrekoa da Mariano... Eta azalduko dira, halaber, eliza katolikoko ordezkariren bat edo beste; kapilau militarra berriak ez du, segurki ospakizuna galduko. They are living a celebration, celebration... Enpin! Batzuek salatuko dute -arrazoi osoz- ea zer egiten duen kapilau militar katolikoak laikoa den herrialde baten armadaren desfilean...

Halarik ere, euskaldunok ere badugu zertaz harritu. Lehengoan lagun batek esan zidan Euskal Herrian autoak bedeinkatzen direla; sinesgaitza egin zitzaidanez XXI. mendean horrelakorik gertatzea, nik -Santo Tomasen gisara, ikusi arte ez nuela sinetsiko- estanpita hura ikusi nahi nuela adierazi nuen... eta voilà! Arantzazu-n eman zioten estanpita hura ekarri zidan autotik: Jauna, Zu zara gure jomuga.

Jauna, Zu zara gure jomuga,
Zu zara, baita ere, bizitzara daraman benetako bidea.
Gu guztiok, erromes eta bidegaldurik,
Zuregana goaz etengabe.
Bedeinkatua Zu, Jauna,
zuk emanik baitauzkagu,
zientziaren eta teknikaren bidez,
tresnak eta bideak,
Zuk emaniko lurrean lan egiteko,
batetik bestera ibiltzeko, senideengana joateko,
Zuk egindako harrigarriak ikusteko,
eta gure bizitza atseginago egiteko.
Emaguzu, Jauna, zentzu ona, begi argia,
kemena eta esku zabala,
kotxe hau erabiltzen eta gidatzen jakin dezagun.
Hala eskatzen dizugu
Arantzazuko Amaren otoitzez
eta Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Amen.
Amen eta hemen, non eta hemen, Euskal Herriaren bihotzean, Arantzazun, horrelako estanpita bat ematen omen diote auto berria bedeinkatzera hurbiltzen den orori. Tira, zehatz izateko, eman ez dute dohanik ematen... kobratu egiten omen dute borondatea. XXI. mendean, lagunok... Patetikoa!

Horregatik, bihar, el coñazo del desfile delakoa patetikoa iruditzen bazaizu, ez ezazu ahantzi gure bihotzeko Euskal Herriaren bihotzean badugula patetismo adibiderik. Larre guztia ez da pagotxa, ez horixe!

Pagotxa nik izan dudana gaur arratsaldean. Lagun batek sutsuki maite duen bere Suzuki berrian eraman nau buelta bat ematera... Bedeinkatu gabeko Suzuki batean.

Lagun honek barre egin du jakin duenean
Arantzazun auto berriak bedeinkatzen dituztela.

No comments: