2007-11-11

Zergatik ez haiz isiltzen?

Eta borbondarrak zergatik hitz egin zion hiketan Venezuelako presidenteari Txileko bilkuran? Hori al da herri subirano bateko presidenteari hitz egiteko era? Argi dago ezetz. Borbondarraren jarrerak ekarri dit gogora eskolako patioko hika-mika batean harroputz batek har lezakeen jarrera: "Ez zarete isilduko? Pues... banoa!"
Gertatutakoa kontatzerakoan espainolak hasi dira istorioa manipulatzen... El Mundoren bertsioa mundiala da!

Ez naiz harritzen Venezualo kongresuko kide batek esatea: “Ahaztu zaie burujabe garela eta kolonia bat bagina bezala tratatu gaituzte”. Hor dago koxka! Agi danez, Chavez-en aldekoa naiz, eta Bush guztien gainetik aritzen den gizon duina iruditzen zait, ausarta eta mingainean herdoilik ez duena.

Chavez-en erantzuna oso ona izan zen: "Hi ez haiz nor niri isiltzen agintzeko. Eta Aznar espainola izan daiteke, baina faxista da." Gero, Jose Gervasio Artigas uruguaitarraren aipua bota zuen: "Egiak lagun, ez beldurrik, ez irainik." Oso erantzun neurtua, izan ere, José Artigas Espainiaren aurka borrokatu zen eta Uruguairen heroi nazionala da, Uruguairen independentziaren aita.

Besteak beste, esaldi gogoangarri hau bota zuen Artigas-ek: "Ni ez nago salgai, eta nire ahalegin ororen saria gure Aberria Espainiatik aske ikustea izanen da."

Baina itzul gaitezen atzoko hika-mikaren harira. Atentzioa eman dit Espainiako komunikabideek batez ere espainiarren hitzak jarri dizkigutela behin eta berriz, eta ez Chavezeneak edo Daniel Ortegarenak... Zeren ez da azpimarratu. baina borbondarra joan zen Nikaraguako Daniel Ortega kritikatzen ari zenean enpresa espainiarren jokabidea Nikaraguan; orduan, borbondarraren odol urdinak irakin zuen eta han galdu zuen pazientzia, nazioarte mailan erridikulua geldituz.

Espainiako komunikabideek emanen dute matraka egunotan Borbondarraren jarrera harroputza zuritzeko... Nik Venezuelako Gobernuaren bertsioa Interneten gozatu dut.

Nolanahi den ere, ene ustez oso adierazgarria izan zen ze argudio pobreak erabili zituen Zapatero-k “Ni ez nago Aznarren ideietatik gertu baina espainiarrek hautatu zuten eta harekiko errespetua esijitzen dut.” Arranopola! Hitler ere hauteskundeen bidez heldu zen boterea eskuratzera. Eta Juan Carlos Borboikoa ez da heldu errege izatera hauteskundeen bidez prezisamante, baizik Franco-k koroa jarri ziolako, "den-dena lotu baino lotuago utzita".

Ameriketako agintariak ez bezala, Juan Carlos heldu da erregetzara sehaska jakin batean jaio zelako, eta ez hauteskundeen bidez... Detaile txiki hori “ahaztu” zitzaion Zapaterori. Zapateroren jarrera guztiz chauvinista izan zen; Aznar espainola denez, nik defendituko dut; orduan berdin defendituko du Franco, Mola, Torquemana eta nahi duzun hiltzailerik porrokatuena –baldin eta espainola bada, jakina...-

Gainera, nahiz eta Zapatero Aznarren alde agertu, PP-koek berdin-berdin eman diote egurra: "Zapatero oxigena a Chávez" esan dute, eta errua ere bota diote diskurtsoa gaizki prestatu omen zuela-eta, hortaz, suertatu omen zela iskanbila.

Gaur, lagun batek Ameriketatik ekarritako kapela berezi hau jantzi dut...





2007-11-10

Lore eta Odei


Zergatik utzi zaitudan galdetu didazu, Odei. Hori galdetzen ausartzea ere...

Hara, ni jada ez nintzelako ni. Zurekin eman ditudan urteetan ahitu nauzulako. Neukana eta ez neukana emana dizut. Izan ere, ni ez naiz ni, jadanik ez naiz inor. Xurgatu nauzu, ni inoreztatu arte.

Komiki bat ikusi nuen behin, hitzik gabekoa. Komiki horretako lehenengo binetan lore ximeldu bat dago, lurrean bakarrik. Zeruan hodei potolo bat ageri da, haizeak ekarrita. Hodeia lore ximeldua ikustean gelditu egin da, atzera egin eta lore idortua ttanttaka-ttanttaka ureztatzen hasi da. Ttanttaka-ttanttaka, bineta batean eta beste batean, batean eta beste batean, eta bineta batetik bestera hodei mehetuz doa, hodeiaren ur guztia loreak irensten duen heinean. Hodei potoloa txiki bilakatu da, hodei ñimiñoa bihurtu da eta azkenik hodeiak ur guztia askatuta hodei izateari utzi eta desagertu da. Hurrengo binetetan, poliki-poliki, lorea bizkortzen hasi da, poliki-poliki bineta batean eta beste batean, batean eta beste batean, eta bineta batetik bestera lorea suspertuz doa. Azkeneko binetan lore eder bat ageri da, lurrean bakarrik. Hodeiaren arrastorik ez.

Zergatik utzi zaitudan galdetzea ere. Hori galdetzen ausartzea ere!

2007-11-09

Axular aztia?

Nor -eta zer- izan zen Axular?

Google-n sartu duzu Axular hitza eta “baietz lehenengoan” botoari sakatu diozu:
Burlatako Axular Kultur Elkartera eraman zaitu bilatzaile orojakileak.
Bilaketa zabaldu duzu eta Orrega Elkartearen webgunera eraman zaitu. Gero, idazle ororen erreferentzia den literaturaren zubitegira, eta, nola ez, wikipedian ere murgildu zaitu. Amaitzeko, hiru.com-era eman diozu bistadizoa.

Data biografikoei erreparatuta, ohartzen zara XVI. mendean 44 urtez bizi izan zela eta XVII. mendean beste 44 urtez. Axular 88 urte zituela hil zen, zahar-zaharra, alegia, garai horretarako oso-oso arraroa; izan ere, jendea askoz ere gazteago hil ohi zen...

Halaber, ohartzen zara zahar samar apaiztu zela, 40 urte zituelarik, eta sermolari ona zeneko ospea zuen. Zergatik apaiztu ote zen horren berandu? Bertsio ofizialak dio “nekeza zela ikasketak egitea garai horretan” Ez dakit sinesgarria den 40 urterekin... Zer egingo zuen –eta zer ez zuen egingo- apaiztu aitzin? Diotenez, sermolari bikaina omen zen, eta entzuleak limurtzen eta liluratzen omen zituen. Apaiztu aitzineko bizitzan gizonak eta emakumeak sakon ezagutu zitueneko erakusgarri... Ezagutu agian, zentzu biblikoan?
Eta aurrekari horiekin apaiztea lortzea ere... Bitxia, benetan.
Xabier Kaltzakortak gogorazten digu Salamancan ikasten ibili zela XVI. mendearen akaberan, agian Bargotako Johanes-ekin batera, alegia, Bargotako aztiarekin batera, deabruaren eskolak hartzen... Zer ikasiko zuen? eta zer ez zuen ikasiko!

Liburu bakarreko idazlea duzu Axular. Hil aurreko urtean argitara eman zuen haren zorioneko GERO, baina ez edonon; liburua argitaratzea lortu zuen bai, non eta Bordelen, Euskalerritik at, non eta Erregearen beraren inprimategian.

Laburbilduz: nola biziko zen horrenbeste urte, nola lortuko zuen horrenbeste ospe, nola egingo zuen liburu mardul bakar hori... aztia izan ezean?

Post scriptum: geroko utziz gero "Gero" irakurtzea, damutuko zara, gero!

2007-11-06

Gorritxo beltza

Miguel Angel Asturias Nobel saridunaren "El Señor Presidente" nobelan, pasarte gogoangarri bat dago:
"Presidentea erabateko dolu jantziz zegoen: zapata beltzak, traje beltza, gorbata beltza, sekula eranzten ez zuen kapela beltza"

Lehengo egunean, gizon beltz batek kopa bat ardo beltz eskatu omen zuen Iruñeko hotel ezagun bateko kafetegian. Kopeta belztu eta ardorik ez zegoela erantzun zion zerbitzariak. Gizon beltzak, ardo beltza mesedez ateratzeko eskatu zion berriro eta zerbitzariak gaizki hartu zuen: gorriak eta beltzak esateko zorian zegoelarik, beste bezero batek ezagutu zuen aurtengo denboraldian talde gorritxora etorri berria den "Dady" jokalari portugaldar beltza: "Gol ederra sartu zenuen lehengoan, zorionak!" Orduan zerbitzariak kopa bat ardo beltz atera zion etxearen kontura.
Hartutako ardo gorri nafarra ordaindu gabe joan nintzen, pentsatzen nuelarik hotel dotore batzuetan, taberna zulo beltz ilunetan baino zuriagoak direla.


2007-11-04

Paul Warfield Tibbets: izena eta izana elkarrekin doaz

Azaroaren 1ean hil berri da Paul Warfield Tibbets, Hiroshima bonbardatu zuen pilotua. 92 urte zituela hil da, Ohio-ko bere ohean. Enola Gay izeneko B-29 hegazkinetik jaurti zuen bonba Hiroshimaren gainean lehertu zen, lurretik 580 metrora. Suzko bola zuri bat sortu zuen bonbak, milioi bat graduko tenperatura zuena, baita onddo itxurako hodei mehatxagarria ere. Onddo itxurako hodei horrek lau mila graduko bero izugarrizko izpiak askatu zituen.
Bolada erradioaktiboak segundoko 400 metroko abiadura hartu zuen. 140.000 lagun baino gehiago hil zituen. Batzuk beroaren beroaz urtuak. Beste batzuk kiskalita eta ikatz bihurtuak.
Beste batzuk gorputz osoa erreta eta azala zauri mingarriz beterik. Adingabeak zein adinduak, gizonezkoak zein emakumezkoak, gazteak zein zaharrak, baita ume txikiak ere hil zituen
berehala. Boladak etxeetako teilatuak erauzi zituen; eskolak, ospitaleak eta beste eraikinak eraitsi eta den-denak txikitu zituen. Jendea, animaliak, zuhaitzak eta loreak eraman zituen. Kiskalita hil ziren. Abuztuaren 6an, Hiroshima “heriotzaren hiria” bihurtu zuen argazkietan amultsu eta irribarretsu agertzen zaigun agureak.

Handik hiru egunera, abuztuaren 9an, goizeko 11:02an, beste bonba atomikoa jaurti zuten Nagasakin. Eta berehala, historia handiko Nagasaki hiri ederra eraitsi zuten. Bakarrik 70.000 lagun hil zituzten.

Eta bizirik gelditu zirenek? Bizirik gelditu zirenek sufritzen jarraitu zuten. Erradiazioak kutsatutako jendeari hibakusha deitzen zaio japonieraz; hibakusha asko ziren, 400.000 baino gehiago, betiko gaixorik gelditu zirenak. Horietako batzuk oraindik daude gaixorik, euren gorputz-zelulak kaltetuak izan zirelako.
Horietako asko eta asko hil dira dagoeneko. Paul Warfield Tibbets Ohio-ko bere ohean hil da, sarraskietatik hirurogeita bi urte pasatu eta gero.


Argazkietan amultsu eta irribarretsu agertzen zaigun agureak ez zuen inoiz damurik erakutsi...

Nola erakutsiko zuen, bada, damurik, Warfield Gudu-zelai abizena zuen agureak?



Eiko Matsui-k artista japoniarrak egindako irudia, esperantzarako leihoa.