Ezkabako Talaia fisikotik ederki ikusten da ENIA lantegia; jadanik ez dago ikusgai izen zaharraren letreroa ate nagusian: Somer. Izan ere, berriozartar askok era horretan deitzen dio enpresa horri oraindik ere, duela urte batzuk beste multinazional batek erosi eta, harrezkero, "ENIA Carpets" deitzen den arren. Nik dakidala, alfonbrak, moketak -carpets- ekoizten dituzte; ohikoa da ikustea kamiotzarrak Berriozarko sarrera horretan, trenbidearen ondo-ondoan, sartu-irten, sartu-irten.
ENIAko nagusiak diru-galerarik ez, baina, antza, nahi zuten adina irabazi ere ez, eta "deslokalizazio prozesuari" ekin diote; nola erabiltzen duten hizkuntza kapitalistek! Espero zuten bezainbeste irabazi ez, eta beste leku batera eraman nahi dute lantegia, banaketarako langile gutxi batzuk bakarrik utzita.
Horri "deslokalizazio prozesua" deitzea zurikeriatan ibiltzea da; langileak kaleratzea da, eta ez etorri niri koplekin. Baina, jakina, ez da horren "politikoki polita"... Zurikeriak gorabehera, panorama beltza langile horientzat. Eta irtenbide bakarra? Borroka. Zein bestela? Greba hasi zuten eta mobilizazioak ari dira egiten azken egunotan. Eta zaila da ez topatzen ezagunik langile horien artean; Berriozarren bizi dira asko eta asko... Une gogorrak familia horientzat guztientzat; berrogei lagun baino gehiago kale gorrian nahi dituzte utzi... Berriozarrerako kolpe latza!
Bart itxialdia egin dute Berriozarko udaletxean eta, gaur goizean, kale agerraldia udaletxearen pare-parean. Bihoakie, lerrootatik, elkartasun mezu bat. Eutsi, ez etsi eta kapitalari hortzak erakutsi!
Post scriptum:
Badakit ENIAren kasua ez dela bakarra; badakit, halaber, beste lantegi asko ere kinka bertsuan dagoela... Agian horregatik, hain zuzen, garrantzitsua da salatzea; ezinbestekoa da ez isiltzea. Krisi garaiaren aitzakiatan ez dezagun iparra gal, ezta borrokarako kemena ere!
2008-10-07
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment