2009-06-28

Ezkabamendin

Ezkabako Talaitik du izena blog honek. Metafora bat da, noski, baina gaur goizean Ezkabako Talaiaren ondo-ondoan izan naiz... eta ez da metafora bat.

Ezkaba mendi gainean orain arte ez zegoen postontzirik; aurten 25 urte bete ditu Zulo Alai Elkarteak eta, urteurrenaren karietara, postontzia ezarri dute, aspaldi beharrezkoa zena. Mendi Kirolen Nafarroako Federazioak eta Berriozarko Udalak babesturiko ekitaldi xumean hirurogei lagun baino gehiagok parte hartu dute eta gehien-gehienak oinez igo dira tontorreraino, Lantzeluze pilotalekutik abiatuta.

Gonbidatu gabeko batzuk ere izan ditugu goiz osoan zehar guri beha: txapelokerrak.
Errusiako esaera zahar batek dioen modura, "gonbidatu gabeko bisitariak tartaroak baino okerragoak dira". Guztiarekin ere, eguerdiko ekitaldian, gotorlekuan egondako eta hildako preso politikoak ekarri dituzte gogora, baita gaur egungo preso politikoak ere. Halaber, jadanik gurekin ez dauden bazkideak gogoratzeko baliatu dugu: horixe izan da ekitaldiko unerik hunkigarriena.

Euskal esaera zahar batek dioen gisa, "herri bakoitzak bere azturak" eta hemengo ohiturari jarraiki, ekitaldia amaitzeko otamena gozatzeko parada ukan dugu. Txapelokerrak gosez gelditu dira.




Ezkabako Talaiatik, bertatik bertara egindako argazkiak ikusgai.

No comments: