2009-06-05
Pantaila beltzeko gizon zuria
Egongelako pantaila txikian gerra erakusten digute gauero. Afganistan, Pakistan, Tajikistan, Turkmenistan, Uzbekistan, Kazahstan edo Auskalostango irudiak dira. Gerra telebista bidez ikusteko ohitura hartu dugu, honezkero. Hegazkin militarren koheteen marra berunkarak eta bonba inteligenteen leherketa gorrien islak gure egongeletako hormetan marrazten dira.
Berehala, baina, telebistako irudiak aldatzearekin batera, gerra arrastoak desagertzen dira gure hormetatik. Gerra irudien ordez, aurkezle gorbatadun bat agertzen zaigu gezur hau aldarrikatzeko, hipokresia infinituaren adierazgarri: "Horrela gertatu dira gauzak, eta guk horrela kontatu dizkizuegu" Ba al da oraindik hori sinesten duen inor? Esatari zuritzaileak ez digu kontatzen hegazkin militar horiek Bardeetako tiro poligonoan trebatu direla; ez digu kontatzen Espainiako Estatuak zenbat milioi euro irabazten dituen urteko armak sartzen; ez digu kontatzen telebistako irudietan ikusi ditugun gaueko irudi horietan zenbat lagun hil dituzten kohete eta bonba inteligente horiek.
Aitzitik, aurkezle gorbatadunak iragartzen digu etzi eginen diren Europako Hauteskundeetan Espainiako soldaduek botoa eman dezaten posta bidezko epea luzatu dutela; irudi batzuek laguntzen dute esatari zuriaren diskurtsoa: soldadu espainol irribarretsuak agertzen dira irudietan, hegazkinetan harro, blindatuetan alai, patruilan adeitsu; lehen bonbekin birrindu dituzten zubiak eraikitzen ari diren soldadu horiek beraiek. Bake misioa eufemismo iraingarria agertzen da telebistako beheko zerrenda beltzean: azpititulu zuria, esatariaren mintzo melengaren osagarri.
Gure egongeletako hormetan ez dago jada koheteen marra berunkara edota bonba leherketa gorrien islen arrastorik. Laster ahaztuko zaigu Afganistan, Pakistan, Tajikistan, Turkmenistan, Uzbekistan, Kazahstan edo Auskalostango irudiak ziren. Segur aski, Auskalostangoak ziren... Izan ere, inork al daki non dagoen Auskalostan?
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment