Orain dela hamar
urte, horixe zen Eliza Katolikoaren egitasmo nagusia Berriozarren,
udaletxearen ondoko plazan eliza berri bat eraikitzea. Juxtu-juxtu
orain dela hamar urte, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak, Fernando
Sebastianek, aldarrikatzen zuen orube hori ezinbestekoa zela eliza
bat eraikitzeko, eta guztiz beharrezkotzat jotzen zuen, Berriozarren
dauden beste hiru elizak nahiko ez zirelakoan... Eliza prest zegoen
emateko San Kristobal elizaren esparrua ordainetan; trukean Eliza
Katolikoa ez zen aterako galtzaile, ez horixe!
Garai horretan
Benito Rios genuen alkate, eta PSNz gain, UPNk eta CDNk sostengatzen
zuten udal gobernua; egitasmoaren kontra, gizabanako anitz, talde
asko eta askotarikoak, eta garai hartako beste alderdi politiko
guztiak: Berriozar Baietz, IU, Aralar eta Batzarre. Baina indar
handiena orube publikoaren defentsan osatu zen plataformak egin zuen,
eta kale agerraldia bat baino gehiago egin genuen, baita manifestaldi
bat ere jaietan, ehunka lagun bildu zituena, 2005eko irailaren 5eko
egunkariak dioenari kasu egitera. Jadanik Berriozarren bizi ez den
lagun bat, Iñigo Orella, Kristauen Oinarrizko Komunitateetako kide
eta plataformako eleduna argi mintzo zen salatzeko orduan egitasmoa
“Berriozarko auzokide gehienen interesen kontra” zihoala, “Eliza
Katolikoak hemengo bizilagun asko eta asmo ez baitu ordezkatzen ”.
Iñigo Orella, mikroa eskuan duela
Urte horretako jaietarako pegatina bat atera zen, Herriaren orubea, herriarentzat zioena, behean duzun hori, non putre batzuk
herriaren orubearen gainetik aritzen ziren hegan, “OPUS” hitza
airean osatzen zutelarik... Zorionez, erantzun zabala izan zen,
egitasmoa gelditu eta, azkenik, bertan behera utzi zuen Fernando
Sebastian artzapezpikuak.
Hamar urte igarota,
Berriozarko hiru elizek hutsik jarraitzen dute, hileta-elizkizun
edota jaunartze egunetan izan ezik. Eliza Katolikoaren eta
Berriozarko bizilagun gehienen arteko amildegia gero eta handiagoa
da. Izan ere, garai batean gutariko edonork, jakin, ederki zekien nor
zegoen apaiz eta nor parroko Berriozarko parrokian... Eta gaur egun?
Gaur egun Euskal
Herrian plazan dauden eserlekuak, zuhaitzak, berdegunea, pasealekua,
aparkalekua ikusten duzun hurrengoan, ez ahantzi han eliza bat egon
zitekeena, gurutzeak, kanpaiak, serorak, apaizak eta beste hostia
batzuk, gure herriaren erdi-erdian. Nork esaten zuen borrokak ez
zuela merezi? Ez ditzagun borroka horiek ahantzi!
No comments:
Post a Comment