2008-09-27

Ainhoari gutun bat

Irailaren 27an, Gudari Egunean, ipuin bat Joseba Sarrionandiak aspaldi idatzia. Ainhoari gutunak liburu ospetsutik ateratako 14. gutuna da, eta irakurri nuen lehenbiziko aldian, duela nahi baino urte gehiago, hunkitu ninduen.
Barka biezat irakurleak Euskaltzaindiaren arau ortografikoak eguneratu baino lehenagoko bertsioari eutsi badiot transkripzioa egitean; antzinako kutsua duen baina gaurkotasunik galdu ez duen ipuin zoragarri hau bere horretan uztea nahiago izan dut, duela hogei urteko xarma hura berriz gozatu nahian.

Antigualean Inperio arrotz batek gure herria okupatu zuelarik, jendea errebelde altzatu zen herriska eta mendietan. Erresistentzia talde tipitan antolatzen zen han hemenka, baina gure jendeak ez zuen apenas harmarik Enperadoreari aurre egiteko, eta bere harmada handiak bere larderia ezarri zuen nahinon.

Egun batez, errebelde batzu oihanaren bihotzean zihoaztela, suge bat agertu zitzaien bideska bazterrera. Sugea aizkora bat inguratuz zutitzen zen. Eta sugeak esan zuen:

"Hau ezazue aizkora hau"

Gazte errebeldeel aizkora hura hartu zuten, sugea artean sasitzetan ezkutatzen zela. Eta harrez gero gure herriko burrukalariek, aizkora harekin, gerla krudel eta luzeari hasiera emanaz, Enperadorearen soldadoei kontra egiten zieten.

Behin eta berriro burrukatu ziren, eta erori ziren soldadoak, eta erori ziren errebeldeak, eta gerla horrela iraun zuen hamaika eta gero beste hamaika urtetan zehar. Harik eta Enperadorearen harmada gogaitu zen arte. Eta orduan Enperadoreak bere harmada odolustu hura bere erresumaren mugetara erretiratzea agindu bide zuen.

Eta gure herri tipira bakea itzuli zen askatasunarekin batera. Eta burrukan ihardunak ziren neska mutilak iada beren etxeetarantza zihoaztela, eta kantuz zihoazten, troka ilun baten alboan sugea agertu zitzaien berriro, esanaz:

"Itzul egidazue utzi nizuen aizkora"

Eta errebelde garaile haiek, harriturik, aizkora izugarri hura han bertan lurrean utzi zuten. Eta beren etxeetara, beren eginbide arruntetara joan ziren.

Oraindik orain, nahi baino urte gehiago igaro eta gero, ipuin honek hunkitzen nau.

No comments: