2008-06-01

Bihar hasiko da Neguko Barnetegia.


Atzo izan zen EGA azterketaren ahozko proba eta baliteke baten batek ikastaro trinko bat egiteko asmoa izatea... Bada, jakin dezala bihar, ekainaren 2a, Neguko Barnetegia (sic) hasiko dela. Negukoa. Forun, Bizkaian. Agian aurreikusiko zituzten eguraldi kaskarra eta uholdeak... Horregatik, deituko al zioten Neguko Barnetegia... Ez dute jarri Neguriko Barnetegia, ez horixe!
Neguko barnetegia udan eta udako ikastaroak neguan... "Hau mundu arrano hau!", Batxik idatzia utzi zigun legera.
Baina AEK-k berak iragartzen du: "ez duda, uda da".
Tira! Halarik ere, inork ez dezala AEKren aurkako kritikatzat har; umorez hartu behar da -ene uste apalean- akats hori, eta espero dezagun inor ez nahastea eta ikastarorik egin gabe gelditzea. Zer gerta ere, AEK-k prestatu dituen ikastaroen berria BERRIAn.

Izan ere, horrelako hanka-sartzeak egitetik inor ez dago libre. Oraindik daukagu gogoan Nafarroako Gobernuko itzultzaile aritu eta adituen eskutik argitaratzen den Aldizkari Ofizialean argitaratu zen lanpostu deialdi hura: "Bideko Ama Birjina izateko lanpostua"
Harrapa eza(n)k! Ama birjina izateko lanpostua? Gainera, Bideko Ama Birjina izateko? Tira! Goiko Zeruetako Ama Birjina izateko balitz...
Nolanahi ere, inor ez zen aurkeztu Ama Birjina izateko. Izatez, Ama eta Birjinik alde berean den inor al da gure artean? Horretarako lanpostu bat eskaini behar al da? Elizamak ez al du protestarik aurkeztu? Goiaingeruak ez al zuen lanpostu hori aspaldi esleitu?
Galdera teologikoak bazter utz ditzagun ad maioren gloriam Ecclesiae, eta egin dezagun argitasun pixka bat iluntasunean: Bideko Ama Birjina ospitaleko atezaina izateko lanpostua zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertu behar zena... Eta deialdi horretara bai, Bideko Ama Birjina ospitaleko atezaina izateko, batek baino gehiagok aurkeztu zuen bere burua.
Ad maioren gloriam Lingua Vasconiae

No comments: