2008-06-12

Ogien eta arrainen mirakulua baino handiagoa

Blog hau irakurtzen, baina iruzkin-ik idazten ez duen lagun batek esan dit aspaldi ez dudala ezer idatzi ELizaren inguruan. Ai, oi ei! Tentaldia oso handia da, eta gizakia ahula da oso, lagunok! Bego! Gatozen, hortaz eta beraz, harira.
Azken hamar urteotan, Eliza Katolikoak bere izenean erregistratu dituen herri-ondasunen zerrenda ikaragarri luzea da. Kontsulta ezazu jakiteko Nafarroako zure herrian zer eskuratu duten; eskuratu erabil dezagun, anai-arrebok, ez gaitezen eror lapurtu hitza erabiltzeko tentaldian...
Elizak jauregiak, baselizak, orubeak, etxeak... Eta apaizari herrian utzitako baratze hura? Hura ere bai, anai-arrebok! Azken uretotan, ezari-ezarian, aritu dira, aritu direnez! Eliza Katolikoak beretzat hartu ditu. Beretzat hartu, baina eliza bat konpontzeko orduan Nafarroako Gobernuari diruz laguntzeko eskatzen diote... Azala behar da, gero! Ogien eta arrainen mirakulua baino handiagoa.

Nafartar guztionak diren herri ondasunak Elizaren izenean erregistratzeko ezkutuko trabailu horietan Fernando Sebastian artzapezpiku ohia hasi zen, eta oraingo artzapezpikua den Francisco Perez Gonzalez-ek jarraitu du. Bion arteko ezberdintasunik? Bai, oraingoa militarra da, badaki aginduak betetzen isil-isilik, eta ez da agertzen egun batean bai eta bestean ere bai prentsan, gure Fernando Sebastian inkontinenteak egiten zuen bezala...

Baina ez gaitezen kexa, anai-arreba maiteak; Eliza Katolikoak beti arrazoi; finean, kexatzen garenok, "fedegabeko hutsak" garela esatearekin nahikoa dute... Eta kexatu behar zirenak, benetako kristauak, otzanak eta esanekoak direnez... Den-dena Ad Maioren Dei Gloriam

Gutxi batzuk izan ezik, besteak AMEN... Quosque tandem abuteris patientia nostra? Noiz arte, anai-arrebok?
1936ko udan, Iruñeko zezen plazan egindako argazkian, katolikoek eskuetan "arrazoiak" zituztela.

No comments: