Fernando Sebastianen azken mezaren ostean, ezin dugu ahaztu orain Francisco Perez Gonzalez dugula kristauen artzain berria Nafarroan. Bazen garaia gauzak argi izateko! Militar bat, Nafarroako artaldetik ardi beltzak aterako dituena, elizaren kupelean gelditzen diren sagar ustelak erauziko dituena... Ikusteko dago zer eginen duten ardi beltzek... Ziur aski, ezer ez, beti bezala, zeren koloreak kolore, ardiak beti ardi; otzanak, apal-apalak, motel-motelak, txintxo eta esanekoak, eta, batez ere, astun-astunak, beeka aritzen zaizkigu-eta, gogaitu arte, artaldera biltzen ez garenoi.
Nik nahiago dut hasiera-hasieratik denok izatea garbi ze artzain mota den, gerta ez dakigun aurrekoarekin bezala, Fernando Sebastianekin bezala. Gogoan dut izendatu zutenean, nire lagun batek, kristaua berak, esan zidan Sebastian majoa zela... euskara pixka bat ikasteko intentzioa agertu omen zuen Calatayud-ekoak... Zakurraren putza!
Gogoan dut garai horietan intsumisioaren mugimendua oso aurreratua zihoala, ideologikoki intsumisioaren aldeko borroka irabazia zegoen... eta orduan agertu zen Fernando Sebastian, “intsumisoak insolidario hutsak” zirela esanez. Gero etorri ziren beste perla batzuk, homosexualak gaixorik zeudeneko hura edo Jessus passion filmaren harira sortu zuen polemika... Harik eta hauteskunde bezperan Falange goraipatu arte. Benetan, oso majoa.
Eta orain, Francisco Perez Gonzalez. Hau ere, oso-oso majoa, seguru! Hilaren 12an, segur aski, izanen dugu aukera ikusteko desfilatzen beste militarrekin batera Euskal Herriaren hiriburuan barna, denoi gogorarazteko zeinek agintzen duen hemen... Jainkoaren graziaz, beti ere.
Euskal Herrian zeinek ospatuko du urriaren 12an Pilarika eguna, Guardia Zibilaren patroia?
No comments:
Post a Comment