2008-06-23

Ekain beltza


Ekain beltza ekimenari esker, BERRIA egunkariaren eskutik, pasa den asteburuan eskuratu nuen 1280 arima liburua. Nobela beltz hori irakurria neukan, duela bi urte IGELA argitaletxeak -Irabazi Gutxi Eta Lan Askok-argitaratu zuenean, Jim Thompsom idazlearen liburu hori erosi eta irakurri bainuen. Orduko eta oraingo aleak alderatuta, oraingoan letra tamaina txikiagotu, Nosey Parker izena kendu dute eta Xabier Olarrak berak sinatzen du hitzaurrea. Testuan zehar aldaketa txiki batzuk, lexiko kontuak batez ere, eta kontu bitxi bat: 22 ataletik 24ra egiten da jauzi; baina lasai, ez da 23. atala falta: atalak zenbatzeko orduan bi aldiz jarri dute 24, baina liburua oso-osorik dago. Inprimategiko galtzagorrien azpilana, seguru asko.

Honetara ezkero, aise ohartuko zinen goitik behera eta behetik gora irakurri nuela liburua eta berriro ari naizela egunotan.

Protagonista, 1280 lagun bizi diren herri bateko sheriffa, mundiala da:
Nire lanarekin bete behar, Rose; sheriff izan behar dinat, zeren be-re-zi-ki-ta prezeski horretarako dohainez jantzia izan naun eta ezin dinat utzi. Noizik eta behin, utzi egin beharko dudala bururatzen zaidan, baina beti norbaitek jartzen zizkidan pentsamenduak buruan eta hitzak ahoan, nagoen lekuan geldi nadin. Horretan segi behar dinat. Potts Countyko sheriff betirako izan beharra zeukanat. Beti Jainkoaren lana eginez jarraitu behar dinat, zeren berak jendea seinalatzen din, jendea aukeratu besterik ez din egiten , eta nik haiengan Haren hira deskargatu beharra zeukanat. Eta sekretu bat esango dinat, Rose, hainbat eta hainbat aldiz ez negon Harekin batere ados. Baina ezin ezer esan horretaz. [...] Zera besterik ezin dinat egin, Jainkoaren behatzaren keinuari adi egon eta eta kaka zaharra balio ez duten gixaxoak astindu.


Ze arriskutsuak diren Jainkoaren esana betetzera bere burua behartuta ikusten duten horiek! Estatu Batuetan bertan, gaur egungo presidenteak ere izugarrikeria handiagoak horrela zuritzen ditu! Nobela beltz honetako protagonistak ere ederrak egiten ditu... Eta lehen pertsonan idatzitako dagoenez, interesgarria da ikustea berak bere burua nola zuritzen duen:

Beti bada gizon zintzoari lohia botatzeko desiratzen dagoen jendea, nahiz eta oinarrik gabeko itsuskeriak izan.


Sexua ere ez da falta literatura beltzeko klasiko honetan:

Amyk atzeko atea ireki, eta sartzeko esan zidan. Ilun zegoen eta gelara eraman ninduen eskutik helduta. Han kamisoia airean bota, niri heldu eta itsasita gelditu zitzaidan une batez, ezpainak nire aurpegira hurbilduz. Zerrikeriak xuxurlatzen hasi zitzaidan, zerrikeria goxo eta eroak [...] Gero, eskutik helduta, han egon ginen elkarren ondoan, arnasa batera hartzen, bion bihotzek taupada batera egiten zutela. Nolabait esateko usain goxoa zegoen airean baina nik banekien Amyk ez zuela perfumerik erabiltzen; eta nola esan, bibolinak entzuten ziren, soinu leun eta goxo bat, inoiz sortu gabeko soinu bat jotzen.


Irakurriz gozatzen da, dudarik gabe; baina liburu onak berrirakurriz ere biziki gozatzen da.

Aspaldi ez dela, blog honetan bertan, liburu zenbait aholkatzen nuen udarako; gaurkoan beste liburu bat, Jim Thompsom-en 1280 arima liburua ere irakur dezazun gonbidatzen dizut.

No comments: