Aspaldi ez dela, gure herriko taberna batean, EGA azterketaz ari ziren bi lagun. Ezbai sutsuan ari ziren: sutsu, euren seme-alaben kasuen harira ari zirelako; sutsu, zigarretei antsiaz zupa-zupa erretzen ari zirelako. Batak: “Ea Atariko Proba puta hori noiz kenduko duten” galdezka. Besteak: “Ea idazlan puta horiekin zer neurtzen den, ea zertarako egin behar diren idazlan luze eta laburra, normalean ezer idazten ez bada”.
Tabernako afixa batek hauxe iragartzen zuen: “Erretzea libre da”. Orduan, lagun erretzaileak zupa eta zupa ikusita, niri ere zigarreta erretzeko gogoa piztu zitzaidan; zigarreta gorria ahoratu bai, baina txiskerorik ez neramanez, lagun sutsuei eskatu-ez-eskatu ibili nintzen, sartu-ez-sartu duda-mudatan, Azkenik, baina, eztabaidara sartu nintzen; muturra sartu nuen eta, bidenabar, hanka sartu nuen.
Nik azaldu nahi izan nien, batetik, Atariko Probaren galbahea beharrezkoa dela, beste hizkuntzetan ere antzeko jokatzen dela Europa osoan; eta, bestetik, EGA tituludun batek jakin behar duela ttukun idazten.
Eztabaida ez zen apaldu, haatik. Batak jarri zidan adibidetzat, behin, Atariko Proba batean, galdetu zutela ea zer zen zirimola: “Ez adarrik jo, zirimola!” esan zuen haserre antzean –tira, berak “ez adarrik jo” ez zuen esan, nomejodas” baizik‑ “Ea zer den zirimola” eta lau hitz aukeran izan zituela semeak: a) zurrunbiloa, b) zirina, c) ziria, eta d) zirria. Eta esan zuen: “Semeak ideia zorrik ere ez, noski” “–semeak putaiderikerez, klaro”. Nik zigarretari zerion ke-zirimolari begira esan nion: “Horixe da zirimola”. Eta besteak? “A, bai? Orduan, zein da?, b? Baina zer da zirina?” Eta nik: “zirina kaka da, hegaztiena-eta, usoen kaka da zirina, adibidez. Zuzena zurrunbiloa zen”. Eta bera sutan: “zurrunbiloa? “nomejodas! Ze kaka!”
Ez zen, baina, hor ñiki-ñaka bukatu. Besteak sutsu bota zidan alaba gazteenak, hamasei urtekoak, poesia lehiaketa guztiak irabazten zituela ikastolan-eta, ea nola zen posible ez gainditzea EGAren Idatzizko Proba. Nik esan nion poesiaz landara, idatziz bestelako erregistro formalak ere jakin behar direla idazten. Alferrik, baina: “Seigarren mailatik ari da urtero-urtero irabazten Ikastolako lehiaketa, eta udal lehiaketa ere bitan irabazi du” Eta nik: “Baina, agian, inoiz ez du idatzi testu formal bat, horixe landu beharko luke luzaroan”. Alferrik; lehengo lepotik burua besteak: “Eske zuk ez dakizu ze poema politak idazten dituen nire alabak.”
Azkenik zigarreta erre gaberik joan nintzen. Hanka-sartzea eta gero, hobe hanka egitea. Afixak aldarrikatzen zuen bezala, “Erretzea libre da”, baina horrek ez du esan nahi halakoetan erre behar duzunik. Erretzea libre da, baita izangaiek EGA egitera aurkeztea ere. Eta hurrengo larunbatean EGAren Ahozko Proba: PEGA. Puto EGA.