2008-05-23

Gaur dela 70 urte

Aitak maiz kontatzen zigun Hispano-Suiza beltz dotore batekin agertu zirela erreketeak herrira, atzetik boluntarioz bete zetorren kamioi bat zutela. Herriko plaza txikira heldu orduko, herriko gehienak han ziren: kontu handia zen horrelako auto dotorea ikustea Tirapu bezalako herri txiki batean. Txapel-gorria Hispano–Suiza beltzetik atera zenean berehalaxe ezagutu zuen aita. Txapel gorriaren azpikoa Eusebio zen, Gareskoa, Esparza etxekoa. Aitak lanak izan zituen gogoratzeko nolakoa zen bi urte lehenago; orain lodiago zegoen, bizarra eginda, harroxko, urrats sendoek erakusten zuten ziurtasuna, indarra, kemena, adorea. Ez zuen ematen bi urte lehenagoko mutil gaztea; gizondua zegoen.

Txapel gorria jantzita ikusi zuenean, hasieran harritu zen aita; Eusebio eta bera boluntario joan ziren bi urte lehenagoko uda bero bartan; lehenbizi Iruñera eta hor eman zuten izena Gobernu militarrean; han Regimiento América-ra agertzeko agindua jaso eta hara joan zen, beti ere Eusebiorekin batera. Aitak egina zuen lehenago soldaduska erregularrekin, Gasteizen, 34an, eta, horregatik, bazekien fusila ibiltzen lehenagotik. Eusebiok, aldiz, aitzurra baino ez zekien ibiltzen. Iruñetik Aitzoainera, Aintzoaindik Gipuzkoako frontera, Molaren Nafarroako Bridagekin; han galdua zion arrastoa Eusebiori. Nolanahi den ere, ez zuen irudikatzen errekete.

“Hara,Teofilo!” Eusebiok ere gure aita ezagutu zuen; txapel gorria erantzi zuen esku batekin eta beste eskua aitari lzatu zion: “Ze moduz, aspaldiko!”

Aitak agurtu zuen: baiki, gizondua eta gizendua zegoen Eusebio. Begirada ere bestelakoa zuela begitandu zitzaion. Aitak azaldu zion baimenarekin zegoela, baina laster itzuliko zela frontera. Eta gero galdetu zion ea zertan zenbiltzaten auto eta kamioiarekin.

San Kristobal-etik putakume andana batek egin zuen ihes, atzo. Pikotxa batekin zartatu zioten burua zaindari bati eta ihes egin zuten. Zorionez, gutariko bat Aitzoaingo kasernaraino joan zen lasterka eta matxinadaren berri eman zuen; hori atzo gertatu zen, igandean. Gu ari gara boluntario bila, ea osatzen dugun talde polit bat gorri separatista horiek ehizatzeko. Zuk ederki ibiltzen zenuen mauserra, Teófilo, ezta? Zatoz gurekin. Ez zaizu damutuko... Horretarako etorri gara-eta, boluntarioak biltzera.” Eta txapel gorria jantzi zuen, agintaria nor zen agerian uzteko.

Eta txapel gorriaren azpian irribarre zuri batez gelditu zitzaion gure aitari so, baiezko biribila noiz adituko zain. Aitak gizendua, gizondua eta doilortua ikusi zuen lagun zaharra. Irribarre zuriaren atzean bihotz belztua ikusi omen zion aitak, eta ezetz esan zion, gerora ere izango zuela-eta tiroak botatzeko aukera. Beste bati esateko; beraiek behin joanak zirela boluntario bi urte lehenago, elkarrekin joan ere; ea ez zen oroitzen...

Eusebio Esparzak sudurra zimurtu, txapel gorria atondu, eta beste irribarre zuri batez erantzun zion gure aitari. Gero batengana eta bestearengana jo zuen: “Gorri hiltzaile horiek harrapatzea untxiak ehizatzea bezain erraza izanen da” aldarrika. Baten bat igo zen, txaloka eta bibaka kamioira.

Txapel-gorria Hispanio-Suizara sartu aitzin, aitak galdetu zion ez noiztik zen errekete, eta Eusebiok hauxe esan omen zion: “Ni beti izan naiz karlista, Lacar Tertziokoa, endemas!” Eta, atekada bat emanda, auto beltzaren beltzean gorde zen; txapela gorria baino ez zen ikusten urruntzen ari zelarik.

Hori gertatu omen zen, gaur bezalako egun batean, gaur dela hirurogeita hamar urte.

No comments: