Eskuartean daukat Arthur Conan Doyle-ren The Adventures of Sherlock Holmes liburua. Gogoa doakit liburua estreinako irakurri nuen garaira. Gazte eta berde nintzen garaian, ingelesez irakurtzen nuen gauez etxeko nire ohean, harik eta aita jaiki eta purrusta egin arte. “Itzal ezak argi puta hori behingoz; argindarra gastatu, besterik ez duk egiten eta. Bihar goizean irakurriko duk, egun argiz, dedio!"
Trapuketari zen aita bizibidez, eta13.000 pezeta kobratzen zuen hileko; semeak zer irakurtzen zuen inporta ez zion arren, ezin zuen eraman dirua gastatzearen –haren hitzetan alferrik xahutzearen- zama.
Gogoan joan zait gazte eta berde nintzen garaira liburua berriro zabaltzean, eta azpimarratzen nituen hitzak, ulertzen ez nituen hitzak, berriz ikusi ditut: “woe” eta “groove”, eta hainbat eta hainbat hitz. Orduan ez nituen hitz horiek ezagutzen, eta orain ere ez. Seinale txarra: nekiena eta dakidanaren arteko tartea murriztu ez delako seinale. Lehen bezainbeste –edo lehen bezain gutxi- dakit orain ingelesez. Eta jadanik ez naiz ez gazte, ez berde. Baina hori nabari da, agerikoa; Sherlock Holmesek berak esango lukeen gisara: “Elementala, Watson maitea.”
Edo ez, esango ez lukeen gisara, zeren Fernando Rey-k Berriozarren emandako hitzaldian azaldu duenaren arabera, "jakin beharra dago Sherlock Holmesek inoiz ez duela hori esaten ; bai aurkitu dezakegula esaldi horren parekoren bat El Sabueso de los Baskerville eta El Hombre Encorvado istorioen hasieran".
"Liburuak solasgai" izeneko jarduera honetan, Berriozarko liburutegian, asko ikasi dugu Sherlock Holmes-en istorioen euskatzailearekin; Sherlock Holmes-i buruz ez ezik, itzulpen prozesuaz ere sekretu txikiak kontatu dizkigu: "Itzulpena ez da hitzez-hitzeko zerbait izan behar. Itzulpena ideien transposizioa da. Fideltasuna behar da, sortze-hizkuntzako testuan agertzen dena agertu behar da xede-hizkuntzakoan, baina euskara onean, euskara ona izan dadila, jariotasunez irakur dadila euskaratutako testua." Igela argitaletxean dituzu esku-eskura solasgai izan ditugun liburuak:Sherlock Holmes-en abenturak I eta Sherlock Holmes-en abenturak II.Fernando Rey-rekin batera, Sherlock Holmes-en abenturak solasgai.
No comments:
Post a Comment