Ezkabako Talaiatik begiratuta ere, ez dugu, oraino, Txentxoren arrasto ttipiena ere. Nepalgo Erresumatik noiz etorriko esperoan, Internet-eko Erresuman oihartzun zabala izan du Txentxoren purtzilkeriak.
Oso adierazgarria izan da ikustea nola Diario de Navarra-k haritz eroriari egur gehiago egiten zion; odolaren tinta gorria gutxitan erabili du horren gustura Kordobillako egunkariak.
Bitxia ikustea nola batzuek profitatu duten Ezker Abertzalearen kontra jotzeko, ahaztuta nonbait garai horretan Txentxo bera ere HBn zegoela... Baina Ezker Abertzalearen kontra jotzea hain da merkea...
Bitxia, halaber, BERRIAren portadaren izenburua pasa den ostiralean, maiatzaren 9an, : "Euskarari huts egin zaio Nafarroan? " Zaio? Nork? Berriaren Estilo-Liburuan aholkatzen da, 34. orrian, "Nork esan duen adierazi: garbi bai, betegarri ez" Estilo-kontua baino gehiago ote da... Zergatik ez "Euskarari Txentxok huts egin dio." Ahal dela, komunikazioaren mesedetan, mezua aktibatu behar da...
Espektakulu penagarria Ezkabako Talaiatik ikusten dena; bi hitzetan esanda: negar garria (sic).
Ea uda igaro eta gero zer gertatzen den; fida al zaitezke PSN-z? Udako beroaldian burua berotuko diote PSNko buruari, Roberto Jimenez-i? UPNren eskutik joatearen aldekoa da Pitillaskoa... Kasu!
Txentxokeria bolo-bolo ibili den kontua izan da Berriozarren, Ezkaba honen magalean. Bozketa egunaren bezperan hitzetik hortzera zabaldu zen zurrumurruaren arabera, hegazkina hartua zuen eta garaiz helduko zen bozketarako... Baina ez.
Langostinos y Lentejas Blogean Polietikok proposatzen zuen "Noiango aireportuan ongietorri beroa ematea" Txentxori, "pankarta eta guzti". Baina Txentxo ez da oraindik itzuli.
Berriozarko nire lagun batek dio agian Tibet-eko tenplu budista batean monje sartzea erabaki duela... Baina ez dut uste hori egin duenik; Txentxok izango ditu hainbat bertute eta dohain, baina umiltasun, apaltasun eta xalotasunik ez: ez lukete hartuko Tibet-eko tenplu budista batean... Txentxoaren egoak hegoak ditu: itzulitakoan ikusiko.
2008-05-13
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment