Txirrindularitzaren ildotik, irakurri berri dut Juan Luis Zabalaren "Bideak, aldapak eta bidegurutzeak". Zabala-ren liburu hori neska gazte batek idatzitako egunerokoa da; izenburuak eta azalak argi azaltzen du norentzat izan daitekeen liburu hau; txirrindulazale eta, bereziki, neskatila nerabeentzat; irakurterraza eta oso-oso azkar irakur daitekeena.
Protagonistak diosku 11. orrian: "Jendeak ez du bihotzik. Oso gogor ari dira jokatzen Ibonen kontra, errukirik gabe, mina emateko gogoarekin."
Ibon hori neskaren anaia da, Tour-etik -berdin izan zitekeen Giro-tik- erretiratu berri dena, eta protagonistaren egunerokoan samina agertzen da, zeren, “azak ontzeko, kazetari batek ergelkeriaz betetako artikulu luzea idatzi du bere hipotesi distiratsua ustezko argudioz janzteko asmoz […]”
Idazle eta kazetari den Juan Luis-en ikuspegi kritikoa kazetariekin eskertzen da. Eguneroko egunak pasatzen doaz azkar, eta behea jo duen Ibon berpiztuko da, zeren “Ibonek erraietaraino sartua du txirrindularitzaren pozoia, eta egoskorretan egoskorra da, inon egoskorrik bada.” Tira! Gustatuko litzaidake institutuetako neskatoen hizkuntza maila horrelakoxea balitz, baita egunerokoak idazten dituztenen hizkuntza maila…
Ligeak, lagunek, gaztetxeko mobidek eta mutilek behar duten lekua dute egunerokoan, “Bihotz taupadak” sailean kokatzeko balio izan dutenak; bestela, kirol-arloan beharko zuten argitaratu liburuttoa… zeren, batez ere kirol-kontuak dira nagusiak: “Burgosko itzulian etapa irabazi du Ibonek. A zer poza! Zer esan behar dute orain Ibon infernuko zuloraino jaitsi zuten tabernazuloko sasi-aditu ergel horiek guztiek? […] Neurri horretarainoxe baita arin eta ausarta ezjakintasunaren mintzoa!(47. or.)”
Labur esanda, arina den liburuttoa, protagonistak berak pasarte batean esaten duenez, 55. orrian, […] “Ondo pasatzeko balio duten liburuak” maite ditu, ez gizakiari eta munduari buruzko galdera sakonak planteatzen dituen literatura” . Egunerokoa zer den erakusteko liburua, eta eredu modura erabil litekeena institutuetan genero hori lantzeko orduan.
Eta, bestalde, inon izatekotan, Juan Luisen inon izatekotan dugu bitakora koadernoetan egin daitezkeenaren adibide onak.
Juan Luiz Zabala Berriozarren egon zenekoa.
No comments:
Post a Comment