Pasadizo adierazgarri bat gertatu zitzaidan Iruñeko kafetegi fatxa batean. Arratsalde batean kafetegi horretara sartu, mahaira eseri eta hurbildu zitzaidan zerbitzariari kafesne bat eskatu nion, alemanez:”-Guten Abend! Ich möchte einen Kaffee mit Milch und Zucker, bitte.”
Zerbitzariak ez zekien alemanez... baina ahaleginak egin zituen, alegia, saiatu zen ulertzen, hark hitz egiten ez zuen Goethe-ren hizkuntza, baina, halarik ere, komunikatzeko ahalegina egin zuen... Arrapostua emateko tenorean, aldiz, ingelesezko hitz batzuk lardaskatzen hasi zitzaidan... Bon, kontua da arratsalde hartan kafesne bat ekarri zidala. Danke schön!
Gaur, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aldarrikatzeko manifestazioan izan eta gero, lehengo eguneko kafetegi horretara sartu, mahaira eseri, eta zerbitzariari euskaraz eskatuta...
“-Kaixo, kafesne bat, mesedez, sakarinarekin”. Zerbitzariak hauxe erantzun dit: “Es que no hablo el vasco”; haren begiradak, gainera, beste zerbait esaten zuen: “¡No te jode! ¡Lo que me faltaba! ¡Mira cómo son, que nos quieren imponer el vasco! ¡A mí que no me venga con hostias porque, mecagüensusmuer...!”
Inolako ahaleginik ez ulertzeko euskaraz egiten duenari... Ulertzeko! Ez nion eskatu euskaraz erantzuteko! Agian, “kafesne” ulertzen zaila da, eta “kafekonletxea” esan behar nion... Edo, agian, ez zidan ulertuko “sakarina” hitza. Ezjakinkeria, agian.
Manifestazioa hasi aitzin, Golem zinemaren aurrean
No comments:
Post a Comment