2008-11-01

Berbaldiaz (II)

Daniel Casany irakasle katalana gustuko dudala ez dago ezkutatzerik; nire lankideek jadanik barre egiten dute nire lepotik Cassany -ahoska dadila kasañ- hizpidera ekartzen dudanean... Tira! Zertan ukatu! Nik miresten dut irakasle hori, eta bere liburuak argitaratu ahala irensten ditut. Duela hilabete luze bat blog honetan bertan post bat argitaratu nuen eta gaur, larunbata denez eta astia dudanez, -asteburutako idazle nauzu ni- horren haritik beste bat idaztera noa.

Rere las líneas-Tras las líneas liburuan atal interesgarri bat dago: Diskurtsoaren Arterketa Kritikoa. Hona, laburtuta eta euskaratuta, atal horren mamia.

Diskurtsoa (berbaldia) ez da inoiz neutroa, ez da errealitatearen isla objektiboa. Berbaldiaren sortzailea leku eta une zehatz batzuetan sortu duenez, subjektu horrek daukan errealitatearen isla baino ezin da izan; baina errealitatearen ikuspegia erabat lotua dago intentzioei, jarrerei, usteei eta, horregatik, berbaldiak islatuko ditu menpekotasun harremanak, bidegabekeriak eta zapalkuntzak. Hori horrela bada, hori guztia kontuan hartu beharko da ulermen kritikoa egingo bada.

Interpretazio kritikoa egiteko, beraz, gaiaren aldez aurretiko ezagutza eduki behar da; idatziak esaten ez duen guztia asmatu behar da.
Liburuan aurrera egin ahala, beste hainbat pasarte interesgarri irakur daitezke. Ene ustez, Cassany-k duen dohain miresgarrienetako bat hauxe da; besteok ere pentsatzen duguna argi, garbi, egoki eta biribil azaltzeko dohaina; behin baino gehiagotan gertatu zait pasarte jakin bat irakurritakoan, zera pentsatzea: ze arrazoia duen tipo honek, egia biribil-biribila da. Adibidez, jarraian doan pasartea, esandakoaren erakusgarri.

[...] prosa izebergaren punta baino ez da; itzulpen batekin izotz puska bat baino ez dugu ikusten, ur azalean dagoena, baina izebergaren zati txikiena baino ez dena.

Berdin-berdin gertatzen da blog honekin berarekin. Izan ere, ehungarren post ari naiz idazten uneotan, eta talaiari hau ez da objektiboa -ezin naiteke izan- , eta ehun testu llabur hauek, izebergaren puntak baino ez dira. Irakurlearentzat talaiariaren beraren isla bat izateaz gain, talaiariari berari atsegin handia eman dio blog xume honek, eta idazten jarraitzeko asmoa berretsi baino ez dut egin nahi.

Alabaina, sarri askotan, zalantzatan egoten naiz inork ikusten dituen izotz pusketa hauek Interneteko ozeano zabalean. "Nobody cares about my blog!" aldarrikapen etsigarria ez dut hemen zabalduko ezen, guztiarekin ere, ehun bezalako kopuru biribilak gonbit egiten du atzera begiratzera eta egindako ibilbidean argitaratu ditudan "harrikadak" hor daude, zuen iruzkinen zain, diskurtsoaren azterketa kritikoa osatzeko zain...

No comments: