2008-11-24

Ilargia ezpainetan, irribarrea gogoan


Nik ez nekien, baina orain badakit: “Ze usain gozoa / ilargiak / jaioberriaren aurpegian!”. Juan Kruz Igerabideren Ilargia ezpainetan liburuttoari esker ikasi nuen. Iaz izan nuen aukera Juan Kruzekin berarekin ordu batzuk emateko eta orain, neguko arratsalde hotz honetan, liburutto horretako hainbat poema berriz irakurri dut. Usain goxoko poemak, xamurrak, ederrak.

“Leihoan / bi begi / tximeleta.” Poema llaburrak –ezen ez motzak– iradokitzaileak; orain leihotik begira nagoela nire begien isla dakusat eta islak dakarkit burura tximeleta... edo ez, orain leihotik begira nagoelarik, nire begiek dakusaten tximeletaren hegoek dakarkidate burura begien isla; irakurlea zein den.

Zazpi urteko gure alaba txikiari poema irakurri eta marrazteko eskatu diot: tximeleta begidun bat marraztu du, hegoetan begiak dituen tximeleta.

Haiku-en oihartzuna dakarten poemak bildu ditu Adunakoak, duela hamabost urte baino gehiago estreinakoz argitaraturiko Begininiaren poemak gogoangarriaren ildotik: “Partxiseko fitxa da / ilargia / zeruraino itsasia.” Orduan bezala, oraingoan ere Luis Emanaldiren marrazkiak osagarri; izan ere, Begininiaren poemak liburuko bi marrazki berriro agertzen dira Ilargia ezpainetan liburuan, bi liburuen arteko lokarri.

Badira poema batzuk, ume txikiekin, landu daitezkeenak, eta maitasuna gai nagusia duten poemak bereziki nerabeentzat ederrak izan daitezkeenak. DBHko lehenengo zikloan irakurtzeko moduko poema asko eta asko daude, horregatik Ilargia ezpainetan liburuttoa Liburu Gaztea sarirako hautatuen arteko bat da, DBHko 1go mailarako, zehatz izateko.

Ume txikiagorekin ere ongi funtzionatzen dute hainbat poemak. Adibidez, Lehen Hezkuntzaren 2. mailan, arbelean hauxe idatzi: “Ilargiaezpainetanduzulazunigana”; alegia, poema idatzi hitzen arteko tarterik gabe, hitz guztiak jarraian idatziak eman. Bi lan egin behar zuten umeek: lehenbizikoa, hitzak bereiztea, eta bigarrena, bertsoak bereiztea. 24 umeetatik 22k egin zuten ongi aparteko laguntzarik gabe. Irribarrea umeen eta irakaslearen ezpainetan.

Zuk ez zenekien, baina orain badakizu “Ilargia ezpainetan / duzula, / zu nigana...” Horregatik irakurri behar dituzu poema horiek, irribarrea izateko gogoan eta ilargia ezpainetan edo, agian, ilargia gogoan eta irribarrea ezpainetan; irakurlea zein den.

No comments: