Beste hainbat kontu interesgarri dakarkigu liburu horrek, zer pentsaturik ematen duen liburua baita; gaur, atzokoaren haritik hirugarren post hau ari naiz idazten Cassany-en liburuaren haritik.
Gero eta arruntagoa da hizkuntza anitzetan irakurtzea eta idaztea. [...] Munduko gizarte gehien-gehienak eleanitzak dira. Gero eta arruntagoa da hizkuntza ezberdinetan irakurtzea; hizkuntza batean jasotzen duzu mail bat, eta beste batean ari zara kontsulta bat egiten web batean, baina beste batean ari zara idazten ordenagailuan une horretan bertan.Baina etxeko hizkuntzaz ez da atzerritar hizkuntza batean bezala irakurtzen; ohar dadila irakurlea ez dudala ama-hizkuntza idatzi, etxeko hizkuntza baizik, azken urteotan hizkuntzalariek gero eta gehiago darabilten dermioa erabilita. Nire kasuan, adibidez, etxeko hizkuntza ez da nire ama-hizkuntza -ezta nire aita-hizkuntza ere, bidenabar esanda-; gurasoak erdaldunak ditut nik, erdaldun peto-petoak, izan ere.
Eleaniztasunaren karietarat, blog hau bera horren adibidea da. Blog bat zein hizkuntzatan idatzi behar den, hasieratik hartu ohi den erabakia da. Euskaraz egitea neure erabakia izan zen, beste hizkuntza bat aukera nezakeen arren. Erabaki hori ez zen ausaz hartutakoa, ez zen kasualitate hutsa izan. Lingua Navarrorum delakoak behar duen tornuia geuk eraiki ezean inork ez digu eginen XXI. mendean...
Cassanyk azaltzen duenez, Ama hizkuntza irakurtzean prozedura jakin batzuk baliatzen ditugu eta, horri esker, gure lan-memoria berehala erabiltzen dugu inferentziak egiteko eta esanahia eraikitzeko. Atzerritar hizkuntza batean, aldiz, sintaxia eta lexiko guztia ez dira horren ezagunak, eta gure memoriaren zati bat horretarako baliatzen dugu; horregatik, atzerritar hizkuntza batean gehiago kostatzen zaigu inferentziak egitea, adibidez.
Blog honetan bertan aurki daitezke, atzera begiratuta, italierazko esaldi batzuk; tartekatu ditut japonieraz, katalanez, gaztelaniaz, eta frantsesezko hitzen bat; latinezko esaera zenbait; ingelesezko esaldi bat -poema batean tartekatuak- eta, orobat, alemanezko testutxo bat aukeratu nuen Firefox-en ekimen bat iragartzeko. Post hauetan egindako estekek ere hainbat hizkuntzatan idatzitako gune anitzera eramanen zaituzte... Horrelakoa da Internet, horrelakoa da mundua, eleanitza, Nafarroa Garaian askok uste duen arren espainola dela "hizkuntza natural bakarra", jaiotzen den ororen berezko hizkuntza.
Honaino, beraz, Tras las líneas liburuaren irakurketaren haritik idatzitako hirugarren -eta azken- post hau. Jakin minak jotako irakurleak iturrira jo eta irakur dezala, beti ere ikuspuntu kritiko batetik, zeren egileak hiru gezur sartu zituen liburuan zehar, nahita sartu ere, joc edo joko modura, eta haren weborrian baino ezin daitezke soluzioak aurkitu...
No comments:
Post a Comment