2008-12-08

Zein beste mundukoa, Durangotik bueltan



Durangoko Azokan salgai egon den liburu hau, Zein beste mundukoa, irakurtzen bukatu berri dut. "Bizi taupadak" sailean argitaraturiko poema liburu honetan Karlos Linazasoro bete-betean topatu dut berriro ere. BERRIAn atera zen "Burlaizea poemetan" izeneko kritikak akuilaturik, gogoz ekin diot irakurtzeari. Liburua eskuetan harturik, Juan Kruz Igerabide-ren sarrera irakurri dut:

[...]

Bizitza eta txundimena, eta ironia, eta malenkonia punttu bat: “Bizitza atzo da; kendu ezingo diguten gauza bakarra”: Paradoxikoki, galdua duguna; baina, galdua dugularik, sufrikarioa ere arinagoa gertatzen da: “Izan den orok leunagoa du arantza”. [...]

Are gogo handiagoz jarraitu dut irakurtzen, eta espero nuen gazteentzat liburu hori ez dut aurkitu; ez dakit merkatuaren diktaduraren eraginez ote den, baina, gazteentzako liburua al da hau? Hala bada, DBHko 4. mailakoentzat edo Batxilergokoentzat: lexiko zaila aurkitu dut... haiku eta poema laburrak izanik ere, batzuk zailak direlakoan nago.

Bestalde, liburuan poema batzuetatik beste batzuetara jauzi handiegi dagoela iruditzen zait. Atzeko azalean dagoena, adibidez, poema zoragarria da:


Maite zaitudan laurdena asko da

Maite zaitudan herena aski da

Maite zaitudan erdia gehitxo da

Maite zaitudan osotasuna oro da

Eta hala ere eskas

Gehiago merezi duzu,

oro baino gehiago dena,

eta nik ez dakit oro baino gehiago ematen,

ez dakit ematen dena.

Ni osoa, maite, luze-laburrean,

ez baita zure laurdena


Hori eta liburuaren hasieran agertzen direnak ttukun-ttukunak dira:


Ahaztuak

ezin

ditut

ahaztu:

mihian

zaizkit

iltzatu


Baina 2. atalean, Egutegia atalean daudenak, oro har, betelanak iruditu zaizkit. Gainera, haikuak izan gabe haiku direnak ere topatuko ditu irakurleak, hunkigarriak batzuk, betelan diren beste batzuen ondo-ondoan.

Eta azken zalantza bat: 76. orrian dagoena ez ote da akats tipografikoa? Hutsaren barrengoa da poesia, atalaren izenburak berak salatzen duen gisara, ezen ez hutsaren hurrengoa...


Laburbilduz, liburu desorekatua iruditu zait. Zapore gazi-gozoa utzi dit idazle tolosarraren liburuak, zein beste mundukoa ez dena.

No comments: