2008-12-31

Gaza, geza, giza...

Gaza
Gaza eta, oro har, Ekialde Hurbila oso urruti dago. Hain da urruti, ezen gure belarrietara ez omen dira heltzen bonbardatze masiboen oihartzunak, ez palestinar zaurituen garrasiak, ezta hildakoen isiltasun ozena ere. Hemen eta, oro har, Mendebalde ustez demokratikoan, lazgarria zait batzuen isiltasuna Gazako genozidioaren aurrean.

Geza
Bi munstroen teoriaren arabera, Gobernu Sionista txarra da, baina bonbei harrika erantzuten dieten gazte palestinarrak ere bai. Diskurtso hori garatzen duten guai horiek, Ongia eta Gaizkiaren gainetik agertu nahi horretan, ez dira palestinarren alde bustitzen... ez da politikoki polita eta, gainera, horrela, ez dira zipriztinduko. Bere burua ezkertiartzat jotzen duten guai asko dago, ez ardo ez ur, ez fu ez mu, zaporerik gabeko sasi ezkertiarrak: gezak.

Giza
Giza Eskubideen Deklarazioa paper-errea da Israelen. Ez ahaztu: euren irudiko, Israel Jaungoikoak hautaturiko Herria da eta Palestina agindutako lurraldea. Beste guztiok, kristau izan, musulman izan edo ateo izan, "jentilak" baino ez gara. Sionismoa arrazista da oso, eta Jaungoikoak emaniko lurra ari dira garbitzen. Lerrook idazterakoan 360 baino gehiago dira hildakoak, eta kopurua gorantz joanen da, Israelek dioenez, orain arteko erasoaldia "lehen urratsa" baino ez baita izan.

Goza
Etxea ezta enea, gozatzen baizen eztut. Esakune hori Luis Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegian agertzen da gozatu hitzaren lehenbiziko adieran. Gobernu sionistak gozatzen du Palestina, baina Palestina palestinarrena baizik ez da. Estatu sionista inperialismo eta kapitalismoaren ondorioa da eta Palestina gozatzen, ustiatzen du Mendebalde kapitalistaren baimenarekin. Gaza-ko sarraskien aurrean eta epelkeria guai alferretan ibili gabe, goza dezagun guk elkartasunaren sugarra eta gora dezagun Palestinaren aldeko aldarria: elkartasuna itzaltzen ez den sugarra baita.

Gaza, geza, giza... horrek burura dakarkit Mikel Laboa zenaren kanta gogoangarria...

"Baga, biga, higa, laga, boga, sega,
Zai, zoi, bele, arma, tiro, pun!"

No comments: