2008-12-18

Apoak eta igelak Berriozarren



“Apoak eta igelak elkarri zipoka biziko dira beti.” Koldo Izagirrek gaztigatu zigun Apoaren edertasuna ipuinean. Ezkabako Talaia honetatik tristuraz ikusi dut apoek igelekin zuten hitzarmena hautsi eta igelak bota dituztela udal gobernutik. Igelak, ilegalak hainbat eta hainbat lekutan, orain arte apoekin egon dira Berriozarko udal gobernuan, hiruna zinegotzirekin, UPNk bezainbeste... bon, Berriozarren UPNk hiru zinegotzi zituen, baina bat PPra pasatu berri da... harrapakariak banatzen direnez, anfibioak ere bai? Politika negargarria... Eguzkipean zabaldu zen berria; gero, anfibioen egunkarian agertu zen albistea. Samina sumin eta tristura amorrazio bihurtuta, azalpen on baten zain dago ama, zain aita, zain andre eta lagunak... Bene-benetan zergatik apoek hautsi dute hitzarmena? Nehork ez du sinesten kudeaketa arazoen aitzakia.

Bizkitartean, Berriozarko basoan harrapariek irri egiten dute apoen alkatearen lepotik, ahul ikusten dutelako eta, horregatik hain zuzen, etengabe erasoan jarraitzeko prest azaltzen dira hegazti: apoen alkatearen kontrako zentsura mozioa eskatu dute harrapakari ase-ezinen buruak... Anfibiok, ordea, goibel, harrapakarien presioa eramaten jakin ez duelako, legealdiaren hasieran -kostata- apoek eta igelek egindako hitzarmenari eusteko adorerik ez duelako izan. Antza, putreen agerkarietan argitaratzen denarekin asaldatuago anfibioen arteko elkar-ulertzeaz baino. Ai, apo! Bizi dugun egoera politiko negargarria gainditzeko ausartak izan behar, ez koldarrak!

Ez da hori kontua? Orduan, kalkulu politikoa al da dena? Alegia, apoen aurreikuspenak betetzen badira, igel ilegalak ezin izanen dira berriz aurkeztu eta igelen boto horiek... hain dira goxoak! Gero hurbilak erakutsiko digu apoek igeleen botoak eskatuko dituztela, apoek beraiek igelak udal gobernutik bota dituztela ahaztua edo. Gero hurbilean, hurrengo hauteskundeetan, apoek esango diete igelei: “Begira dezagun aurrera; emaguzu gaur hauteskundeotan botoa, barkatu gure zorrak. Izan ere, denok gara anfibioak...” Hori al da jokaldia? Mesedez, otoi eta arren! Igelak bai, baina ez motelak, ez txepelak, ez tentelak.

Igel batzuk suminduta, beste batzuk saminduta; baita apo batzuk ere; lehengoan aintziran apo batzuekin egon nintzen solasean... Apo arruntek ere ez dute ulertzen. Zin-zinez, apoen buruzagiek nahi al dute gaurko egoera gainditu? Edo poetak kantatzen zuen bezala, “bizimodu lasai batengatik, idealak galdu” al dituzte? Apoaren edertasuna ipuin bat da, baina ez dezagun ahantzi Koldo Izagirre maisuak irakatsi ziguna: okerreko bideari apo-bidea deitzen zaio.


No comments: