2008-08-03

SRV

Oporretan izateak aukera ematen dizu normalean egiten ez duzuna egiteko. Esate baterako, mendira joan eta argazkiak lasai ederrean ateratzeko. Esate baterako, aspaldiko lagun zahar batekin hitzordua egin eta solas egiteko. Edota, esate baterako, aspalditik begiz jo eta erosi nahi zenuen DVD hura erosteko: Stevie Ray Vaughan-ena, esate baterako.

Stevie Ray Vaughan-en helikopteroak lurra jo zuenean, haren itzalak goia jo zuen; 1990ko abuztuaren 27a zen, eta East Troy-n, Wisconsi-n, kontzertu bat eman eta gero, aukera izan zuen Chicago-rako bidaia helikopteroz egiteko; leku libre bat zegoen eta SRV-ek hartu zuen. Aireratu eta berehala istripua izan zen; helikopteroan zihoazen guztiak hil ziren. Harrezkeroztik, era tragiko batez hil diren artisten Parnaso berezian dago SRV, zenbaiten ustez, inoiz izandako blues-rock gitarra-jotzailerik onena -Eric Guitar Clapton-en baimenarekin, jakina.

Crossfire izeneko DVDa aspalditik nuen begiz joa, eta opor hauetan tentaldian erori eta DVD hori erosi dut.



SRV-en kanta klasiko horrek, Crossfire delakoak, hauxe esaten digu:

Egunak joan eta egunak etorri....neon-argiek itsuturik /
Harat eta honat beti presaka....inork ez du ezertarako astirik /
Diruz larri, ezertxo ere ez da doan... Datorrela norbait ni erreskatatzera /
Loturik nago... tiroen artean harrapaturik /
Loturik... tiroen artean harrapaturik.

Hortza hortz truk, eta begia begi truk....saldu zeure arima, soilik erosteko, erosteko eta erosteko. /
Dolar baten eske, eta txakur txiki bat ostu. /
Tira, ez al duzu ikusten nagoela..../
Loturik... tiroen artean harrapaturik /
Loturik... tiroen artean harrapaturik /

Ontasun pixka bat behar dut nik....norbaitek sinpatikoa izatea nirekin, bestela…/
Loturik gaude... tiroen artean harrapaturik /

Indartsuak irabazi eta ahulak galdu... Ez eskaini inoiz beste masaila /
Ez inori sinetsi, ez izan hain tentela... Den-dena gertatzen da urrezko arauaren arabera /
Loturik gaude... tiroen artean harrapaturik /
Loturik gaude... tiroen artean harrapaturik /
Loturik gaude... tiroen artean harrapaturik /
Loturik... tiroen artean harrapaturik.



1980an idatzi zuen kanta SRV-ek... baina gaur ere idatzia izan liteke. Gainera, teknikoki liluragarria ez izan arren, DVDn dagoen zuzeneko bertsioan indar handiagoz gozatu daiteke.

Oporretan izatek horrelako kontuetarako aukera ematen digu, esate baterako.

No comments: