Hilaren
10ean Agosti Xaho sortu zeneko berrehun urte beteko dira. Bigarren
mendeurrena parada ezin ederragoa dugu Atharratzen sortutako Xahoren
izana eta izena plazaratzeko eta ezagutarazteko.
EIEren
eskutik, atzo eta herenegun bi eguneko jardunaldia egin zen
Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean.
Fermin Arkotxa, Patri Urkizu eta EIEko lehendakari Ander Iturriotzekin
Iñaki
Egañak, 2010eko maiatzaren 9an, BERRIAren gehigarri batean
argitaratutako artikulua ekarri nahi dut gogora. BERRIAren igandeko
gehigarrian argitaraturiko artikuluak “Ameslariak” zuen izenburua
eta bertan gaur hona ekarri gaituen Agosti Xaho aipatzen zen, Xaho
ameslaria. Erromantizismoaren garaian ingelesek Lord Byron
zuten; Italiarrek, Giuseppe Garibaldi; uruguaiarrek, José Artigas.
Alta, estaturik gabeko populua da gurea eta, horregatik, gure Xahok
ez du jaso ez Byronek, ez Garibaldik, ez Artigasek jaso duten
oihartzuna. Herriaren ametsak, boteretsuen amesgaiztoak.
Karl
Marxek Manifest
der Kommunistischen Partei liburu mugarrian aldarrikatzen zuen: “Mamu bat dabil Europan barrena...
komunismoaren mamua”. Hori izan zen 1848an. Urte horretan beran,
Europako herririk zaharrenean, Xahok aldarrikatzen zuen: “Gora
Euskal Errepublika!”
Ameslari, bidegile eta, batez ere, aitzindaria: Koldo Izagirrek
Autopsiarako
frogak liburuan kontatzen duenez,
Xahok eta Abadiak “Zazpiak uskal Herrietako Euskalduner” eskaini
zieten beren gramatika... 1836an!
Zertaz
eta nortaz ari garen ikusteko eta hobeki ikasteko bi egunotan adituak
izan ditugu mintzalari, nik baino askoz gehiago dakitenak: Fermin
Arkotxa baxenafarra; Patri Urkizu gipuzkoarra, Fermintxo Sanchez
Agurrruza nafarra, Kepa Altonaga bizkaitarra...
Xahoren
bizitzaz, eta Xahoren obraz mintzatzeko izan dira, hurrenez hurren: Fermin Arkotxa baigorriarra,
Xahori buruzko tesia egiten ari dena eta Claude Larronde-ren
hitzetan “Munduan Agosti Xaho hobekien ezagutzen duen pertsona”;
eta Patri Urkizu, Agosti
Chahoren bizitza eta idazlanak
liburuari esker, 1991n, Euskaltzaindiaren Mikel Zarate saria lortu
zuena, eta Agosti Chahoren kantutegia izeneko liburua argitaratu
zuena, Susaren eskutik duela bortz urte.
Atzo mahai-inguru interesgarria izan dugu, EHUko irakasle eta idazle den Kepa Altonagaren gidaritzapean: Xaho XXI. Mendean izenburukoa, Fermin Arkotxarekin eta Fermintxo Sánchez Agurruzarekin. Eta, last but not least, Aitor Txarterinak sortutako kamishibai bat, Xahoren Aitorren elezaharrean oinarritua, jardunaldia biribiltzeko.
Bi
egun, aski trinkoak, baina zinez interesgarriak, Xahoren itzala argitzen
laguntzeko. Zorionez ez da izan eta ez da
izanen Xahoren inguruan antolaturiko bakarra: Hendaiako Abadia
gazteluan Xabier Zabaltzaren eskutik, Xahoren biografia euskaraz,
gaztelaniaz eta frantsesez, Bidegileak bildumaren barruan aterea.
Bertzalde, heldu den larunbatean, Eusko Ikaskuntzak Baionako Euskal
Museoan bertze jardunaldi bat eginen du. Izan bitez
ekimen guztiak ongi etorriak, Xahoren itzala luzatzeko balioko
badute.
1 comment:
Goood reading this post
Post a Comment