Azeri noblea eleberriaz mintzatu naiz Berriozar Irratian gaur, Berrion magazinean eskaintzen den Literatur Txokoa tartean.
Onintza,
protagonista, bere bidearen bila dabil bizitzan, eta lagun batekin
batera artzain zahar batengana joanak, hortzak
eta kakagura
tarteko, agure bitxiak “txori ona”,
zoriona, erakusten die. Bi animalia agertzen dira Onintzaren
bizitzan: arranoa eta azeria; Agustin, unibertsitario sendokote bat,
batetik; eta Iker, txikitako amodio galdua, bestetik. Zein da
arranoa? Zein, azeria? Hor dago gakoa.
Fernando Morillok ongi garatu du horrela planteatutako istorio hori, eta gazte
hizkera sinesgarria garatu du, hitano erregistro ezberdinak eta hitz
gorri sinesgarriak baliatu dituelarik. Noizbait
sartu badu ere neskato baten ahotan oso sinesgarria ez litzatekeen
zerbait, trikimailu bat erabilita ederki sartzen du: “Ba al dakizu
nola esango lukeen gure amamak? Zama bat nahi ez mandoari, bi zama”
Hizkuntza
zaindu du, beraz, lantzean behin gaitza izanik
ere sinestea pertsonaia berak bi esaldiok esan ditzakeenik:
Alde batetik, “Tira, hasteko, zuk ez pentsatu horrek zer nahiko
duen. Ispiluari begira eta zuzenean galdetu zure islari”. Bestetik,
“Nola jaten da hori?”.
Halere,
arin eta azkar irakurtzen den nobela lortu du, eta, ustez aske
gelditutako hari zenbait, ederki txirikordatzen ditu azken ataletan:
horra hor, adibidez, agurearen agertze berantiarra nobela bukatzeko
gutxi falta delarik, eskumuturrekoarena…
Idazle
ofizioa ederki ikasi du eta garapen narratiboan asmatu du oso luzea
zatekeen pasadizoa, bi mutilen arteko lehia piraguetan, a
posteriori kontatuta. Hartara, nobela ez
da astuna egiten. Egin duen bukaera erdi-ireki horrekin ere asmatuko
duelakoan nago; happy end erraz
batek hondatuko zukeen nobela, ene irudikoz.
Labur
esanda. Ongi biribildutako lana, 15-16 urteko neskentzat oso
aproposa. Ongi funtzionatuko duen ala ez? “Patuak eta gogoak esango
din.”
No comments:
Post a Comment