Gaur dela bost urte, 2003ko apirilaren 6an, heldu ziren Basora hirira soldadu atzerritarrak. Han, Alia Muhammad Baker Basora hiriko Liburutegi Nagusiko zuzendaria zen. Inbasioa baino lehen, Basora hiriko liburutegia liburu zaleen bilgunea zen. Liburutegi hartan bitxi preziatuak zeuden: hizkuntza guztietako liburuak, liburu berriak eta liburu zaharrak; besteak beste, duela seiehun urte idatzitako Mahoma-ri buruzko biografia bat.
Gerta zitekeenaren beldur, Aliak erabaki zuen liburuak toki seguru batera eraman behar zituela; gauez eta azpikeriaz, lagun eta auzokide zenbaiten laguntzarekin, liburutegiko gordailuen ehuneko hirurogeita hamarra gorde zuen: hasieran jatetxe batean; gero, etxean bertan. Diotenez, hogeita hamar mila liburuak garraiatzeko kamioi bat alokatu zuen.
Gaitz erdi, ezen handik bederatzi egunera, sute batek liburutegi osoa erre zuen, baita bertan gelditzen ziren liburu guztiak ere. Bitartean, Aliaren etxea liburuz bete-beterik zegoen; liburuak armairuetan, liburuak zoruan, liburuak leihoetan… Liburuak baino ez zeuden Aliaren etxean. Artean, Alia gerra noiz bukatuko zain zegoen. Gerraren bukaerarekin egiten zuen amets orduan.
Orduan eta orain. Tamalez, bost urte igaro eta gero, oraindik amets bat baino ez da. Oraindik zain dago, eta liburutegi berriarekin egiten du amets. Izan ere, oraindik amets bat baino ez da.
Shaila K. Dewan, New York Times egunkariko kazetaria izan zen lehena hori guztia munduari jakinarazten; eta Jeannette Winter-rek irudia eta itxura eman dio istorio hunkigarri horri: La bibliotecaria de Basora (Juventud argitaletxea, 2006) Basora hiriko liburuzaina liburua daukat eskuartean, “Irak-en gertatutako benetako istorioa” azpititulua daukana.
Hilaren 23an, Liburuaren Naziozarteko Egunean, ikasleei liburu hori erakutsiko diezu; irudi handiei esker zuk kontatzen diezun istorioa ikusiko dute; aukera polita. Edo, agian, beste aukera bat: zerorrek istorioa kontatuko diezu, eta gero eskatuko diezu ikasleei marrazteko, irudikatzeko istorio hori. Aurten, Liburuaren Nazioarteko Eguna beste egun bat izan ez dadin.
2008-04-06
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment