2013-02-01

Kobra zuriarena


Nepal-eko nekazari batek kobra zuri bat hozkadaz hil du. kobraren beraren hozkada baten ordainetan. Mohamed Salmo Miya-k, 40 urteko nekazari batek, arroza soro batean lanean ari zelarik jaso zuen kobraren hozkada bat hanka batean. Hozkada jasota, gizonak sugeari jarraitu, harrapatu eta hozkatu zuen, hil arte hozkatu ere. "Suge-sorgintzaile batek zera esan zidan: suge batek kosk eginez gero, egiozu zuk kosk sugeari hil arte, eta ez zaizu deus txarrik gertatuko. Baneukan makil batez jotzea, baina haserre bizian nengoen, eta mendeku hartu nahi nuen: neure hortzekin hil nuen."

Sugeak emandako hozkaren ordaina eman nahi izan omen zion nekazariak.  Gero, etxera itzuli omen zen, pozik eta lasai. Azkenik, biharamunean, senideek akuilaturik, ospitale batera joan da eta bertan bi egun eman omen ditu. Miya-ren ezker hankan kobraren letagin bakar baten zuloaren arrastoa atzeman diote; sugeak bi letaginekin kosk egin izan balio, ez omen zen bizirik aterako ataka horretatik.

Poliziak ez dio Miya-ri salaketa jarriko sugea hiltzegatik, kobra mota hori desagertze-arriskuan dauden animalien zerrendan ez dagoelako. Beraz, suge-sorgintzaile hark, arrazoi: “Suge batek kosk eginez gero, egiozu zuk kosk sugeari hil arte, eta ez zaizu deus txarrik gertatuko”; izan ere,  isuna ere ez diote jarri...

No comments: