Baiki, eguna profitatu eta aukera aprobetxatu. Ezen fugit irreparabile tempus, denbora aurrera baitoa -eta gu harekin. Eta sugeak txoriari nola, zu kamioari begira hala. Hortaz, tentaldian erori zara luze gabe eta harategiaren aurrean aparkatuta dagoen oilasko banatzailearen kamioi handi hori lapurtu duzu.
Collige, virgo, rosas zioten klasikoek, eta zu ez zara birjina, ezta Ama birjina ere, eta kamioi horrek ez darama arrosarik, oilaskoak baizik, baina, halere, aukera aprobetxatu duzu. Oilasko banatzailearen kamioira igota, ipar saihesbiderantz abiatzen zara ziztu bizian BaraƱaindik.
Goizeko zazpiak dira eta harategiaren aurrean utzi duzu oilasko-banatzailea oilaskorik gabe eta aho bete hortz. Kamioia oso ongi dabil, azkar, iparralderantz. Hori bai dela marka! Oilaskoaz leporaino beteta dagoen kamioi handi-handia lapurtzea, eta ez untxi bat harrapatzea aire konprimatutako karabina batekin, edo plaza batetik ahate bat hartzea afaltzeko...
Abiadura bizian ari zara gidatzen, auto gidari motelen irain eta biraoen artean... baina txoferren patroia den Done Kristobalen babesa sentitzen duzu San Cristobal delako mendia ikusten duzunean eta, orduan, Berriozarren San Cristobal izeneko elkarte bat dagoela gogoratzen duzunez, Berriozarko errotandan sartzen zara eta Zortzikon aparkatzen duzu.
Eta ordurako beranduegi da. Ez Ama Birjina Lourdesekoak, ez Frantzisko Asiskoak, ez Done Kristobalek, inork ez zaitu libratuko foruzain txapelgorrien hatzaparretatik eta, txantxagorria bezala, sarean erori zara, tentaldian erori zinen modu berean. Klasikoek ziotenez, alea jacta est.
No comments:
Post a Comment