Urte horretan bertan Uruguain egoteko aukera izan nuen, eta liburuan aipatzen diren protagonistetako batzuk eta lekuak, El Filtro izeneko ospitalea bera, bertatik bertara ezagutu nituen.
Bitxia izan zen gerora Jon Mindegiaren liburua irakurtzea, 90. hamarkadaren hasieran gertatua, PSOEren garaian, euskal errefuxiatuen eta Uruguaiko herriaren aurkako errepresioaren kronika bizia, ahanzturaren kontrakoa.
Urte anitz igaro badira ere, edonork izan dezake gertatutakoaren berri Jon Mindegiaren liburuari esker. Urte honen hasieran Guardia Zibilen erakustaldi errepresiboarekin batera burura etorri zait Idea Vilariño poeta uruguaiarraren Zergatik poema:
Zergatik
oraindik
berriz ere
itzuli den min zahar hori
bihotza zartatzen didana
bitan erdibitzen nauena
saminez betetzen nauena.
Zergatik
gaur
oraino.
Ez da oso ezaguna emakume honen poesia hemen, baina Juana de Ibarbourou-rekin batera Idea Vilariño XX. mendeko Uruguaiko poetarik handienetakoa dugu, eta olerki horrek ederki islatzen du askok sentitu duguna ikustean goardia zibil armatuak euskal herritarrak berriz ere eramaten, urte hasierako beste sarekada mediatiko honetan.
Bilboko kaleetara, eta Donostiakoetara, eta Iruñekoetara, eta gure herrietakora atera eta aterako gara presoen eskubideen alde, dispertsioaren aurka, eta giza eskubideen aldeko gure atxikimendua bizkortzeko une heldu da. Izan ere, Idea Vilariñoren beste poema batek hauxe diosku:
Norbera bizi da
hildakoekin
hor daudenekin
sufriten dutenekin bizi da
eta lumatuekin
eta presoekin
bizi da.
Bele asko oraindik hegan, presoekiko elkartasunaren zigortzaile, konponbideari oztopo eta traba; guk elkartasuna eta hitza dugu arma, eta horregatik Ibarrako hormetan norbaitek utzi du idatzia ahanzturaren kontra: “Minde, Herria zurekin”.
No comments:
Post a Comment