2012-10-28

Txinako poesia lirikoaz, bi hitz

Gaur ilargiari egin argazkia


Gaur oso ilargi ederra dugu, ia-ia betea, antzigarraren iragarle.  Hodei arteko ilargiari begira, Li Bai-ren olerki bat datorkit gogora, lauso, eta Pello Otxoteko lagunaren itzulpenera jo behar izan dut berriz ere, oso egun gutxitan bigarrenez; hortxe aurkitu dut Gauaren erdian gogoeta.

Ilargi  distiratsuaren isla ohatze aurrean,
antzigarra bailitzan lurraren gainean;
burua jaso ilargi distiratsuari begira,
burua makurtu jaioterria gogoan.

Li Bai-ren poemaren haritik, agian merezi du azaltzea Txina izan dela poeta gehien eman duen herria eta, hortaz, poema kopuru handiena dela.  Aurrekoan idatzi bezala, hemen Eneko Aritza ezkutu batean gainean jartzen genbiltzalarik, Txinan,  Tang dinastiaren garaian, (618-907) 2.000 poeta baino gehiago bizi izan ziren, eta haien lan oparotik ia-ia 50.000 poema gorde dira.

Izan ere, gaur ez bezala, Txinan Estatuko lanposturik garrantzizkoenak lortzeko lehian poeta izatea bazen abantaila eta meritua. Hartara, azterketetan jakintza literario eta prosodikoarekin lotutako galderak agertzen ziren. Beraz, Txinan funtzionario izan nahi zuenak poemak egiteko gai zela probatu behar zuen —ia-ia, gaur bezala—. Gainera, politikariek, nobleek, printzeek eta enperadoreek ere poemak idazten zituzten, eta batzuk poeta handi izatera heldu ziren. Halarik ere, txanpok orok bere ifrentzua duen gisara, alde txarrik ere bazuen honek guztiak, zeren lanbidetzat hartzen zen poesigintza horretan ohiko bihurtu ziren itxurakeriak, panegirikoak, eta koipe-emaileen lanak.

Txinan poesia lirikoa sailkatzeko, irizpide kronologikori helduta, honako sailkapen hau egin daiteke:
  1. Aro klasikoa (K a. XI. mendetik VI. mendera bitarte). Hor ditugu  Che King edo Oden liburua, Konfuziok  K a. V. mendean bildu zituen bost “liburu kanoniko” horietako bat.
  2. Pizkundearen aroa. Bertan dugu jadanik ezagutzen dugun gure Li Bai —edo Li Po edo Li Tai Po izenekin ere ezaguna— (701-762), Tu Fu (712-770) eta Po Chu Yi (772-846), poesia txinatarraren urrezko aroa, goian azpimarratu dudan Tang dinastian zeha.

  3. Aro modernoa. Song dinastiaren amaieratik (960-1279) XIX. mendea bitartekoa. XIX. mendetik poesiak mendebaldeko eragina izan du eta, beraz, aldatuz joan da.  Iraultza Txinatarreko poetak ere nahiko kontserbadoreak dira —Mao Tse Tung, kasu—.
Bukatzeko, labur bada ere, poesia txinatarraren gai nagusiak honakook direla esan daiteke:
  • Natura eta landa-bizitzaren goraipamena. Poeta txinatarrek ederki deskribatzen dute paisaia –maiz gauekoa, goiko poeman bezala-, beti ere igarlearen gogo-aldartearen arabera.
  • Sorlekuaren, etxearen edo lagunen nostalgia, herrimina.
  • Amodioaren sentimendua.
  • Bidegabekeriaren eta gerraren ankerkeria salaketa.
  • Denboraren joana, bizitza bakartirako gonbitea eta ardoaren gorazarrea.

Inork informazio gehiago behar izanez gero, jo beza Juan J. León-en Literatura Universal liburura, bertatik atera baitut hemen laburbildutakoa.

No comments: