2024-11-30

Maiatz aldizkaria, Durangon salgai


Maiatz aldizkariaren ale berria Durangoko Azokan egonen da salgai. Nire ekarpenari dagokionez,  literatur munduan aspalditik biziki kezkatzen nauen gai bat hautatu dut; zuzentasun politikoaren arazoa. 

Alde batetik, euskal idazleoi eskatzen zaigu idazteko eta ausart jokatzeko —eta hala behar du— , baina, bestalde, mugak gainditzen edo hausten dituenari kosk eta ausiki egiten zaio gupida gabe. Izan ere, politikoki zuzen, edo politikoki polit,—Koldo Izagirrek esan zuen gisara—  jokatu beharraren ondorioz,  idazleok geure burua mugatzen, zedarritzen, hertsitzen dugu; eta okerragoa dena, irakurleak aspertu eta uxatzen ditugu. Aurrerapen gisara, nihaurrek idatziriko poema bat, euskaraz oso lagun gutxik —Angel Urrutia,  Harkaitz Cano, Karlos Linazasorok...— idatzi duen moldean: soneto baten bidez. Hona hemen , irakurgai: Zubiak, ez hesiak 


Zubiak, ez hesiak

 

Zuzentasun politikoaren diktadura

badugu idazleok mehatxu nagusia

idazterakoan ezarritako hesia

da politikoki politaren hertsidura.

Hesi horiek sortzen dute autozentsura

eta idazlearen ezintasun etsia

zentsoreen beldur, inkisizio berria

bai eta ere irakurleen asperdura.

Sormena askatasunez behar da hornitu

hesiez gaindi bidea eginez, ez etsi

idazleak behar du beti ausart jokatu.

Ez ditzagun, horrenbestez, zubiak eraitsi

zubi-lanak du literatura aberastu,

mugak eta hesiak lumaz ditzagun hautsi.