2025-04-07

Andoni Iturrioz jaunari, esker onez

argazkia: Urtzi Urkizu
Arg.: Andrea Bella

Apirilaren lehen igandez eta  usadioari jarraiki. Hatsaren Poesia Eguna ospatu dugu Larraldean, Amotze-Senperen dagoen Andoni Iturriotz-en baserri ederrean. Bertan aurkeztu dugu aurtengo liburua, eta bozkarioz erraten ahal dugu XXVII. edizio honetako liburuan olerkari parrasta batek parte hartu duela, 128 egilek guztira, bertze urteetan baino gehiago. Aurkezpen saiora agertutako olerkariak ere, anitzak eta askotarikoak izan gara. Izan ere, Larraldea urte luze hauetan lagun poeta zaharrak berriz elkartzeko eta lagun poeta berriak ezagutzeko parada izan da


Arg.: Urtzi Urkizu

Argazkian ikus dezakezunez, olerkariok bat egin dugu euskararen zapalkuntzari aurre egiteko Baionan deitutako manifestazioarekin, mugaren bi aldetako olerkarion engaiamenduaren adierazgarri.

Haatik, oso litekeena da argazki hori ez errepikatzea, aurtengo hau izan baita, segur aski, Hatsaren Poesian parte hartzen dugunon azken bilkura Larraldean. Bada tenorea, beraz, Andoni Iturriotzi eskertzeko, bihotz-bihotzez eskertu ere, urte hauetan guztietan zehar Larraldearen egoitza eta babesa eskaintzeagatik. 

Horregatik aurtengo bilkuran errezitatu nuen poema ez da aurtengo edizioan argitaratuetako bat,  iazko liburuan agertutako soneto bat baizik, Andoni Iturrioz jaunari, esker onez, izenburu duena:  

Amotze-Senpere auzoan dugu Larralde,
Argazkia: Sabin Oregi
kultur babesleku eta poeten habia
Andoni Iturriotz eskuzabalak utzia
Soneto xume hau egina dut haren alde.

Zuri esker, jauna, dugu biltzeko tokia
muga-gainetik elkartuz Ipar-Hegoalde 
erakusketa-areto, biltoki, sukalde
mugaz gaindiko euskal kulturaren zubia.

Urtero hartzen dugu olerkariok Hatsa 
urterik urte hogeita sei urtez egina  
ibilbide luze, jori eta aberatsa.
 
Iturriotz jaunaren laguntza gabe, ezina
Hatsaren arrakasta harengan ere datza
Eskualdun prestu, emankor eta atsegina.


                                

  Argazkia: Sabin Oregi



Bertzalde, apairua egin genuen eta biziki gustura aritu ginen hitz eta pitz, honetaz eta hartaz, eta kantua irrintzi eta bertsoak ere entzun ziren Larraldean. Atzo ikasi nuen, zuberotar batzuek ardoaren graduaz galdetzeko, zera galdetzen omen dutela: "Zenbat zaldi du ardo horrek?" Harrigarria enetako, erran gabe doa, eta ez dakit ardoaren zaldien edo sagardrogaren (sic) txinparten eraginez, baina denbora luzez bertsotan aritu gabe ere, Rikardo Gonzalez de Durana bertsolariari ihardespen xumea egiten ausartu nintzen, eta idatzi egin dut nonbait jasota geldi dadin.



Bertsotan hasiz gero
dena da hastea
ez da ezinbesteko
gazte izatea
Larraldean badugu
giro ezin hobea
honeraino helduta
hobe da moztea. 



Horra hor, bertsolarri (sic)  honen ausarkeria, bertsolarri bai, larri-larri ibili bainintzen hori osatzeko... eta bai, honeraino helduta hobe da moztea.