2013-07-28

Dietan jarrai

Goreneko fiskalak akuilaturik, Madrilgo epaile batek ez du delitu-zantzurik ikusi nahi izan Yolanda Barcina ikertzeko CAN auzian. Dietan jarrai dezatela, beraz, jarrai dezatela poltsikoratzen 89 euro minutuko lagun arteko bileretan, Miguel Sanzek egin duen gisara. Asma dezatela beste txiringito bat, nik emanen diet izen bat: NASIPA-PC, alegia Navarra Siempre P'Alante - Petit Comité, eta bertan egon daitezela betikoak Yolanda Bárcenas (sic) buru dutelarik, eta oturuntzaren apurrak biltzeko, PSNkoak, gatibu izaten jarraitzeko.
Dietan jarrai; gero asmatuko dute legezko babes bat, Nafarroako Aurrezki Kutxaren Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorrean egin zuten gisara. 2010eko abuztuaren 31tik 2011ko ekainera arte jasotako dieten oinarri juridiko zalantzazkoa da, eta eroskeria delitua egon daiteke, batzorde hori 10 hilabetez aritu baitzen Kutxaren beraren barne araudietan azaldu arte.
Epaileek ebatziko dute, baina argi dago kontu iluna, itsusia eta barkaezina dela, soldataz gaindiko dirutza horiek jasotzea amorala baita krisi garaian; besteoi gerrikoa estutzeko eskatzen zitzaigularik, haiek gerrikoa laxatzen ari ziren dirutza sartzeko. Ez dakit legezko bihurtuko duten, baina ez da zilegi.
Eta egunotan, Barzinismoaren paradigma: Bárcenas auziaren harira PPkoei kontu hartzea, Yolandak berak karguari eusten dion bitartean, zeren aforatua ez balitz inputatuta egonen baitzen aspaldi, besteak dauden gisara.
Dietak norberaren pisua arintzeko, argaltzeko, edo, gutxienez, ez gizentzeko zirelakoan geunden, baina Nafarroa Garaian, aitzitik, dietak gizentzeko baliatu dituzte gobernukoek, poltsikoak betetzeko.
Bestelako dietak, izan, badira: top-model batzuek, modelo batzuek, aparteko dietak egiten dituzte pisua galtzeko: kleenex-ak janez elikatzen direla salatu du Kristie Clemens-ek, Vogue Australia aldizkariko zuzendaria ohiak. Paperezko mukizapien zelulosa bustia hesteetan zabaltzean, gose-sentsazioa desagertzen omen da eta horrela elikatzen (edo) dira top-model batzuk.
Politikari ustelek, kameren eta mikrofonoen aurrean ez daudelarik, geure lepotik barre egiten dute eta kameren aurrean gure aurpegira gezurrak botatzen dizkigute. Paper-festa libururan Anjel Lertxundik idatzita eman zigun: Diskurtso politikoa erabiltzen dute berez kode penalekoak ziren krimenak zuritzeko. Nik proposatzen dut ustelkeriaren eta eroskeriaren top-model hauek botatzen dituzten gezurrak paperean jaso, busti eta irensteko dieta jarrai dezatela, ea asetzen diren. 
Nire koinatu batek argaltzeko bi dieta egiten ditu: berak dioenez, dieta bakar batekin gosea pasatzen du-eta! Horregatik koinatuari ere esaten diot, ez ironia gutxirekin: dietan jarrai!

A ze gaizki pasatzen duten gure agintari maiteok!

2013-07-05

Poesia gaur ere mailu bat da



Gabriel Aresti poetaren 'Harrizko herri hau' liburuaren jatorrizko eskuizkribua itzuli diote familiari Arantzazuko frantziskotarrek. Eta Aresti aipatzen den orotan gertatzen zaizun gisan, gogora datorkizu hamairu urteko ikasle batek emandako erantzun xelebrea, Tafallako Ikastolan irakasle zinela: ikasle horrek Gabriel Aresti poetari azterketa batean izena aldatu eta “Garesti” idatzi zuen, puntua ahaztuta.

Xelebrekeria gorabehera, Arestiren liburu bat hartzera zoaz: ez da Harrizko Herri Hau, Harri eta Herri baizik. Nolanahi, liburu hori gutxi-gorabehera erditik zabalduta, ausaz, bigarren partearen T letra duen olerkia irakurri duzu: Argia / ezta / ikusten. Eta paradoxaren harago joanda, gaur egungo egoerara zakartza olerki txiki ederrak, eta Nafarroa Garaian -oraindik- presidente den Barcina ze ustela den batzuek ez dutela argi ikusi -edo ez dutela ikusi nahi-. Olerki honek –eta onek– badu –eta badute– gaurkotasunik.

Orrialdea pasata, U letra duen okerkiak diosku: Hobe / egia biribil bat / ezen ez mila gezur / ongi koadratu. Eta honek ere berriz lotzen zaitu gaurkotasunari, eta Barcina andreari poema hau ozenki aurpegira botatzeko gogoa dakarzu, bere azal gogorrean hitzezko beste tarta gozo-gozo bailitzan. Eta ohartzen zara ze indarra duten olerkari honen –eta onen– hitzek.

Hori du on literatura onak: denbora aurrera joan ahala ere, indar bizi-bizia dakarkiola irakurleari, eta gaur goizean idatzita balitz bezala sentiarazten. Orrialdeari jarraiki, U-ren segidan V poema ezaguna dakusagu: Esanen dute / hau / poesia eztela, baina nik / esanen diet / poesia mailu bat / dela.

“Poesia mailu bat da, kontzientziak astintzeko tresna bat” zioen poeta bilbotarrak, eta mailuka ari zaigu oraindik ere -eta oraindik orain- Harrizko Herri Hau, 40 urtez Arantzazun ongi zainduta eduki ostean, gure Herria, gure Harrizko Herri Hau, hemen izan, izaten eta izanen dela aldarrikatuz, Barcinaren aurpegi gogorra baino gogorragoa izaki. Barcinaren murrizketak geldiarazteko, herriaren harria, ukabila, harri-orri-har umeen jolasean bezala, gauza jakina baita guraizeek mozten dutela papera, baina ukabilak, harriak, menderatzen dituela guraizeak. 

 

 Baiki, Arestiren poesiak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka eta, gainera, batere garesti ez: Gabriel Arestik berak diosku: Nire poesia oso merkea da / herriaren ahotik / hartu nuen debalde, / eta debalde ematen diot / herriaren belarriari.

2013-06-26

Iruñeko perla faltsua

Historia garaileek idazten dutela ikasi dugu. Hurbileko adibide bat ematearren, Ernest Hemingway Nobel saridunaren “historia” ofiziala, sanferminen atarikoan gauden honetan berriz sartuko -salduko- digutena. La Perla hotelekoek marketing amu gisa baliatzen dituzte idazlearen izena, ospea, itzala eta irudia, baina Hemingway ez zen egoten Hemingwayren gelan. Izan ere, Ernest Hemingway bakarrik behin egon zen La Perla hotelean: 1923ko uztailaren 6an, Hemingway eta Hadley emaztea Gaztelu plazara heldu ziren su-politen orduan, eta aldez aurretik gela bat La Perlan erreserbatuta zutenez, bertara joan ziren; baina gela gustatu ez, eta handik joan egin ziren. Hemingway-k ez zuen, beraz, sekula lo egin La Perla hotelaren Hemingway-gelan.
Izan ere, Hemingway Iruñera etortzen zenean, beste hotel batera, Quintana hotelera, joaten zen. Quintana hoteleko jabea, Juanito Quintana, errepublikazalea zen, eta legezko errepublikaren aurka militar espainolak matxinatu zirenean, hotela kendu zioten garaileek: gaur egun Txoko dagoen eraikinaren gainean zegoen Quintana hotela. Nolanahi, gerora ere Juanito Quintana eta Hemingway lagun-minak izan ziren, batere gorria ez zen Jose María Iribarren-en Hemingway y los Sanfermines liburuan zehatz azaltzen den gisan.
Ez da egia, beraz, Ernest Hemingway-ren ostaturik maiteena La Perla zenik, hotel horren webgunean agertzen den gisara, Quintana hotelera joaten baitzen Iruñera etortzen zenean; izan ere Fiesta-The sun also rises liburuan agertzen den Montoya pertsonaia Juanito Quintanaren alter egoa da.

Baina Historia -letra larriz- garaileek idazten dutenez, Hemingwayren ospea familia falangista batek lapurtu zuen, Moreno familiak, La Perla hoteleko jabeak. La Perla hotelaren historia mito-historia da, perla faltsu bat bezain faltsua.

2013-06-09

A ze eskapada!

Joan zaitezte etxera, lagunok, egin ihes Alde Zaharretik polizia nazionalak kargatzen hasi dira-eta. Joan zaitezte aldapa behera, Txantrearantz, ea libratzen zareten pilotakada bat edo borrakada bat jasotzetik. Peloteroak debekatuta daude Europan, baina Logroñotik bezperan etorritako polizia espainolentzat hau ez da Europa, hemen barra libre dute, hau zapaldu beharreko lurraldea da, hau Euskal Herria da poliziaren begietan. Joan zaitezke bizkor, zeren gazteak zarete, eta, bestela, peloteroen jo-mugan izanen zarete. Joan zaitezte auzora, panorama beltza jartzen ari da, are beltzago polizia nazional andana batek —kasko beltz, bokatxa beltz, borra beltz, jantzi beltz, bihotza beltz— “Alto” oihukatzen dizuenean.
Geldi zaitezte eta ez hasi korrika. Geldi zaitezte eta agindutako “Contra la pared!” bete, gogoz kontra bada ere. Greba Orokor egunean, geldi-geldi... Geldi zaitezte; besoak eta hankak zabaldu, eta katxeoa jasan. Geldi zaitezte eta ez egin pentsatzen ari zaretena... ala bai?
Eta dauzkazun 17 urteek ematen dizkizute —agiri espainolaren ordez— Euskal Herriko Agiria erakusteko indarrak. Eta polizia nazionalek ez dutela umore zentzurik beste behin frogatzen duzu, agiria amorruz lurrera bota duelako “Esto es una mierda!” esaten duelarik. Eta beste lagun batek dauzkan 17 urteek emandako indarrekin poliziari Osasuna-ren kartera erakusten dio. Eta polizia nazionalak ez direla Osasuna-zaleak frogatzen duzue, karteratxoa ere amorruz lurrera bota duelako poliziak “Esto es otra mierda!” esaten duelarik.

Azkenik, utzi dizuete joaten, polizia espainolak Alde Zaharrerantz itzuli behar direlako, petoteroen danbadak erakarrita edo. Orduan lagun horietako batzuek osatzen duzuen musika-taldearen izena zeinen egokia den ohartzen zarete: Skapada, a ze eskapada!


2013-05-27

Zorrak eta bekatuak

Eduardo Galeano uruguaiarrari irakurri diot arameraz zor eta bekatu adierazteko hitz bat eta bera zutela arameraz. Bitxia, zin-zinez. Gaur egun 400.000 lagun baino ez dira mintzo arameraz, eta hiztunak oso lurralde isolatuetan bizi dira; baina antzina hizkuntz semitiko honek askoz hiztun gehiago izan zuen.

Izan ere, egun ingelesak betetzen duen nazioarteko hizkuntz-funtzioa aramerak betetzen zuen, eta lingua franka zen Burdin Aroan: diplomatikoek baliatzen zuten hizkuntza zen aramera. Ez gaitezen harritu, beraz, baldin eta entzuten badugu Jesusek eta apostoluek erabiltzen zuten hizkuntza aramera zela, oso litekeena baita.

Bankariak -zorrak zor, lepoa lodi- dirutza jaso dute denon lepotik, bekaturik egin izan ez balute bezala, eta  bankari horiek beraiek leporaino zorrez itota dabiltzan hiritar xumeak zukutzen jarraitzen dituzte, zuku gehiena ateratzearren, zordunen lepoa estutuz eta bihurrituz. Horregatik zorrez itota leporaino egondako batek baino gehiagok, zorrak kitatu ezinik, bere buruaz beste egin du: terrorismo neoliberalaren biktimak. Ez deitu krisia; kapitalismo neoliberala da.

Aitzitik, bankari bat ere ez da suizidatu. Zergatik ote? Agian bankariek euren burua katolikotzat dutelako eta suizidioa bekatu delako? Ez dezagun ahantzi, escrache-tik haratago joanda, Jesusek diru-trukalarien mahaiak irauli eta merkatariak tenplutik kanporatu zituela, tenplua lapur-zulo bihurtu zutelako. Jesusek arameraz egin zien oihu: “Nere etxea otoitz-etxe izanen da; zuek, aldiz, gaiztagin-zilo egiten duzue.”

Idazle uruguaiar batekin hasi, eta idazle argentinar batekin bukatu; Jorge Luis Borges-en aipu bat: “Suizidioa ez zait gaizki iruditzen; alderantziz, jende gehiago suizidatzea komeniko litzateke; munduan populazio gehiegi dago”. Alta, populazio  idatzi zuen tokian, nik bankari idatziko nuke.