Hiru kanta
Duela urtebete, ekainaren 20an, Ezkaba mendira jende anitz bildu zen, gotorleku frankista horretan egon, sufritu eta hil zirenei omenaldi internazionalista egitera. Félix Sierra eta Iñaki Alforja-ren Fuerte de San Cristobal - La gran fuga de las cárceles franquistas (Pamiela, 2005) liburu zoragarrian, aipatzen da, besteak beste, ihesaldi gogoangarri horretan 207 lagun hil zituztela frankistek: komunistak, anarkistak, sozialistak, abertzaleak...
Pasa den urtean, ASKAPENAk egindako omenaldian, horiek guztiak gogoan izan genituen. Ezkaba mendi gaineko ekitaldi xumea behar baino beranduago hasi zen, Goardia Zibilak nazioarteko ordezkariak zekartzan autobusa geldiarazi zuelako Zarautzen. Baina egin, ekitaldia egin zen. Hizlari eta bertsolariak labur eta zorrotz aritu ziren baina nire ustez nabarmentzekoa izan zen Irlandako mugimendu errepublikarreko ordezkari bat: kanta bat eman zigun opari. Kitarraz jo zuen "Viva la Quince Brigada". Ingelesezko kanta horretan bereziki aipatzen dira Franco-ren kontra borrokatzera etorritako irlandarrak, Brigadas Internazionales ospetsuen XV. Brigada osatu zutenak; kantak dioen moduan "heroi talde bat, munduko txoko guztietatik etorri ziren itsasuntziz XV. Brigada osatzeko", "egia eta maitasuna deabruaren indarren kontra, anaitasuna faxisten klanaren aurka". Abestian aipatzen dira borrokan hildako irlandar anitz: "Tomy Woods 17 urtekoa, Kordoban hil zena, Na Fianna-rekin -IRAren gazte sailarekin- fusilari eusten ikasi zuena, Dublindik Villa del Riora, Espainiako eguzkipean borrokatu eta hil zen lekura" eta "asko hil ziren, baina bakar batzuk aipatuko ditut soilik: Peter Daly, Charlie Reagan eta Hugh Bonar..."
Abesti hunkigarri hori entzun eta gero, Eusko Gudariak eta Internazionala, azken hori nork bere hizkuntzaz, euskaraz, gaztelaniaz, flandeseraz, irlanderaz, ingelesez, korsikeraz... Ziur naiz Ezkaba mendian hildakoek aditu zituztela hiru kanta horiek. Guk ezker ukabila jaso eta Ezkaba mendian hildakoen bihotz-taupaden oihartzunak aditu genituen.
1 comment:
Botilako taupaden oihartzuna
Jaengo Ángel Mena Gómez-en taupadak, Cuencako José Alarcón Carrillo-ren taupadak, Bizkaiko Andrés Cangoiti Cuesta-ren taupadak. Hiru lagun baino ez ditut aipatuko, irail honetan euren hilotzak erreskatatu dituztelako, behar baino hirurogeita hamar urte beranduago. Ezkaba mendian hamaika lagunen hilotzak daude barreiaturik. XXI. mendearen hasierara arte itxaron behar izan dugu fusilatuen hilotzak azaleratzeko.
Goian beude esango dute kristauek; beude, baina ez han, goian, Ezkaba gainean, baizik geure buruan, horiek guztiak, Faxismoaren kartzela beltzetan hildako horiek guztiak, Guardia Zibilaren baleen bidez eraildako horiek guztiak, torturaren bidez eraildako horiek guztiak, ziega beltzen isolamenduan eraildako horiek guztiak, osasun atentzio faltagatik eraildako horiek guztiak...
Beude geure buruan eta atseden har bezate, euren senideek eta historiak berak agintzen duen duintasunez, eta ez mendian barreiaturik, zulo beltz galduetan, botila txuri bana ondoan dutela.
Ezen hilotz batzuek, hilotz gutxi batzuek, botila bana izan dute urte hauetan guztietan ondoan, isilpeko salatari, iragan beltzeko oroigarri txuria Botilotan hildakoaren datuak zeuden idatzirik, txuri gainean beltz. Tamalez, denboraren joan-etorriek paper erreak bihurtu dituztenez, botila hutsik zeudela esan dute.
Baina botila horiek ez daude hutsik: hildakoen bihotz-taupaden oihartzuna zuten gorderik, eta guk aditzen ahal dugu, besteak beste, Jaengo Ángel Mena Gómezen taupaden oihartzuna, Cuencako José Alarcón Carrilloren taupaden oihartzuna, Bizkaiko Andrés Cangoiti Cuesta-ren taupaden oihartzuna...
Post a Comment