Laster, hiru urte barru, bost mende beteko dira Espainiak Nafarroa, odol eta gar, azpiratu zuenetik. Orduko hartan bortxakeria eta odol isurtzea izugarriak izan ziren, batzuek libre adhesión izendatu arren.
Ordura arte nafarrek bagenuen Aitaren etxearen babesa. XVI. mendearen hasieran Nafarroako Erresuma konkistatu eta gero, espainiar garaileek euren hizkuntza, euren legea, euren ohiturak armen indarrez inposatzen dituzte, eta, Aitaren etxea teilaturik gabe gelditutakoan, erdal erauntsiek busti zuten etxea, eta, teilaturik ezean, barrutik busti zuten, blai-blai eginda utzi arte. Aitaren etxeko teilatu gabe, inperio espainolaren euriteak busti gaitu urteak joan eta urteak etorri, mendeak joan eta mendeak etorri, erdal erauntsiak hezur muineraino busti du asko eta asko. Busti-blai eta erdal putzu sakonetan itota, Aitaren etxeko teilaturik gabe mendeetako erdal euriteak eta uholdeak Amaren sua ere itzali egin zuten hainbat eta hainbat tokitan, baina, zorionez, ez guztietan.
Zenbait tokitan, Amaren sua, hizkuntza, euskal sena edo Estatu Batuetako euskaldunek deitzen duten basqueness hori ez da guztiz itzali sekula. Eraiki nahi dugun Euskal Herri berrian, batzuek etxea dute helburu, estatu bat sortzea. Alabaina, Aitaren teilatua garrantzitsua izanik ere, ez dezagun ahantzi ezinbestekoa dela Amaren sua: gure hizkuntza, gure usadioak, gure kultura, gure izaeraren adierazleak. Horiek gabe nekez dugu Euskal Herria eraikiko... Agian beste zerbait eraikiko litzateke, baina Erdal Herria izanen litzateke.
Eta inork ez dezala pentsa beste hizkuntzen kontra nagoenik... Izan ere, nire ama hizkuntza erdara da, orain gure etxeko hizkuntza euskara den arren; ikasketez ingeles irakaslea naizenez, nola egonen naiz ni ingelesaren aurka? Era berean, alemana ikasten ibili naiz. Euria dut gustuko, eta badakit preziatzen the rain eta der Regen, la pluie eta la lluvia; baina duela bost mende Nafarroan erauntsi bortitza izan ez, euritea eta uholdea, Lingua navarrorum delakoa ere azpiratu zuena.
Aitaren etxeko teilatuak babestuko gintuzke, baina etxeko suak berotzen du etxea. Zertarako eraiki etxe bat barneko surik gabe, hotz eta hits? Horregatik, Gabriel Aresti poetak aldarrikatzen zuen Aitaren Etxea defenditzea bezain garrantzitsua hauxe da: Amaren sua berpiztea eta bizkortzea. Hagitz ezaguna da: «Nire aitaren etxea defendituko dut». Alta, ez da horren ezaguna Pierre Bordazaharre herri-poeta, Etxahun Irurikoa; berak aldarrikatzen zuen Ama Euskal Herria. Sabino Arana bizkaitarraren Aberria bainoago, Jean-Louis Davant idazleak, beste zuberotar batek, aldarrikatu duena maite dut nik: gure Amerria.
Izan ere, Aitaren etxeko teilatu gabe ere, Amaren sua ez da Euskal Herriaren Ekialdean sekula itzali.
No comments:
Post a Comment