Uruguai herrialde laikoa denez gero, egunotan han ez dituzte Gabonak edota Gabon Gaua ospatu, Familiaren Eguna baizik; Aste Santua ere ez, Turismoaren Astea baizik. Estatuaren sekularizazioak erro sendoak ditu, eta XX. mendearen hasieratik Eliza Katolikoak ez ditu festak inposatzen.
Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa, batez ere, José Batlle y Ordóñez presidente koloradoari esker (1903-1907 eta 1911-1915 tarteetan) finkatu zen. Batlle y Ordóñez presidenteak gorabehera handiak izan zituen Eliza Katolikoarekin. Izan ere, heziketa katolikoa jaso arren, Errepublikako presidenteak adibide ezin hobea eman zuen garai haietan eta ezkondu gabe bizi izan zen emaztearekin —“bekatuan”, Elizaren begietan—, eta neurri asko jarri zuen abian, harik eta 1917an Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa gauzatu zen arte. Horretan bederen, mende bat aurreratuago dago Uruguai Estatu Espainola baino!
Orain, Montevideon, uda hasiera epela; epela baino, beroa —29 graduko tenperatura idazten ari naizen une honetan—. Eta Euskal Herrian, aidiz, gabon ospela, oro behe laino trinko batek estalia. Han ikasturtearen amaiera, kaleak jendez lepo, uruguaiarrak matea eskutan dabiltzalarik Montevideoko itsas-ondoko ibilbide luzean barna; edo aulki tolesgarri bat hartu eta hondartzan eseri itsasoa ez den itsasoari begira egoteko... ala erosketak egiteko profitatu, nola ez!
Pocitos, Montevideo
Familiaren Eguneko bazkarian haragi errea ezin da falta —“asadito!”—, eta batata goxoarekin bada, askoz hobe; eta Italiatik hartutako pannettone hartzeko ohitura edo Espainiatik, turroia hartzekoa. Edateko, guztiz gomendagarria den “medio y medio”, edari gasdun bat, xanpainaren antzekoa, ardo gozo txinpartadunaren eta ardo txuri lehorraren nahasketa goxoa; nik Roldos jatetxean bertan dastatzeko aukera izan nuen, Mercado del Puerto mitikoan bertan.
Ni hor egon nintzenean, 2009an, abortatzeko eskubidea zen eztabaidagaietako bat, eta baita sexu bereko kideen arteko ezkontzak; baina Uruguain ez dago eztabaida traumatiko askorik, gaiak oso delikatuak izanagatik.
Katolizismoa
Uruguai beti izan da laikoa, ondoko herrialdeak ez bezalakoa, eta Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa argi eta garbia da, aspaldikoa izateaz gainera. Horregatik XX. mendearen hasiera-hasieratik, Uruguain presidenteek ez dute Bibliaren aurrean zin egiten, ez dago gurutzerik ospitale edo eskola edota institutu publikoetan; Uruguaiko Indar Armatuetan ez dago kapilau militarrik, Elizaren bidezko ezkontzak ez dira onartzen eta Eliza Katolikoaren eragina txikiagoa da Argentinan baino, adibide bat aipatzeagatik.
Eliza Katolikoak parte hartu zuen sexu bereko pertsonen arteko ezkontza ahalbideratzen duten ezkontzaren gaineko eztaidan, baina haren jarrerak ez zuen oihartzun handirik izan, ez gizartean, oro har, ez Alderdi Nazionalean —Eliza Katolikotik gertuen dagoen alderdia izanik ere—. Abortatzeko eskubideari dagokionez, Eliza Katolikoak dei egin zuen “bizitza errespetatzeko”, baina ez zuen
berebiziko garrantzirik izan eztabaidan.
Maldonadoko eliza nagusian egindako argazkia
Masoneria
Uruguain Masoneriak berebiziko indarra dauka. Masonería Alderdi Koloradoarekin lotuta egon da, boterean urte gehien eman duen alderdiarekin, baina masoneriaren eragina alderdi guztietara eta gizartearen arlo guztietara hedatzen da; Tabaré Vázquez bera, oraingo presidentea, masoia omen da...
No comments:
Post a Comment