Pierre Paul Etchegoyen abadea
fite sartu da iluntzean ostatu txipira, beltzez eta gurutze handi bat
lepotik zintzilik daramala. Lucien baserritarrak ez ikusiarena egin,
eta hasieran ez du zirkinik ere egin, baina, hitz hauek aditzean,
jiratu da:
- Lucien, hirekin behar
diat mintzatu; presazko kontua duk.
Baserritarra aulki xumetik
altxatu, eta kanpora joan da apaizari jarraiki, ostatuko beste lagun
guztien begiak garondoan iltzaturik sentitzen dituela. Kaleko txoko
batean, begi-zoliengandik apartean, apaiza xuxurla mintzo zaio.
- Saint Claire-ren inguruan
gizon ezezagun batzuk ibili dituk gaur. Susmatzen diat Gestapo-koak
litezkeela. Ez hadi agertu biharko hitzordura, badaezpada ere.
Baserritarrak irudikatu du
abadea paperak-eta erretzen beheko suan, eta, arrapostua jakinik ere,
galdetu dio:
- Bainan, segur
Gestapoko-ak direla?
Lucienek hasieran pentsatu du
abadea ez ote den gizon ezezagunen kontu hori estuegi hartzen ari.
Alta, abadeak esku batekin heldu dio gurutzeari eta beste eskua
Lucienen besaburuan jarrita irmoki ihardetsi du:
- Bizitza huntan, seme,
deus ere ez duk segur, heriotza baino ... Otoi, lagundu behar didak.
Hire esku gelditzen duk lagun horiek gordetzea eta eramaitea, bainan
ez itzak eraman elizarat, zer gerta ere. Eta hi ere, adi ibili.
Orain joan behar diat. Jainkoak lagun gaitzala.
Lucienek ez du sekula ikusi
abadea horrela. Normalean aitorlekuan elkartu dira gaueko lan
horietaz mintzatzeko... Herriko ostatu txipi horretara agertzea ere!
Baserritarra ostatura itzuli, eta mahaira eseri da lagunen
begiradapean. Ahots larriz adierazi die lagunei Parisen bizi den
arrebaren senarra oso gaixorik dagoela, eta laster abiatu beharko
dela Parisera.
Gaur horretan bertan,
Pariserat baino, Hegoalderuntz abiatu da mendian barna bi
hegazkinlari amerikar eta beste hegazkinlari britainiar batekin.
Endarlatsa parean makurturik gurutzatu dute Bidasoa, karabineroak
ohartu gaberik, eta goizaldeko bostetarako Gipuzkoako baserri batera
heldu dira, neka-neka eginda eta aldez hitzartutakoa baina egun bat
lehenago. Egun oso bat eman dute gorderik eta, atseden hartuta eta
ederki berdindurik, hurrengo egunean Britainia Handiak Donostian duen
kontsuletxera heldu dira hiru hegazkinlariak, ongi, onik eta uros.
Lucien ez da Aitzinagako bere etxera itzultzerik izan: kontsuletxean
jakinarazi diote Hendaian sarekada izan dela, eta Lucien-en baserrian
ere egonak direla Gestapo-koak.
Pierre Paul Etchegoyen abadea
1944ko urriaren 26an hil zuten, Dachau kontzentrazio esparruan.
Abadeak,
finean, arrazoi: “Bizitza
huntan deus ere ez duk segur, heriotza baino“.
No comments:
Post a Comment