2020-10-30

Enpatia

Nafar Ateneoa diru-asmorik gabeko kultur erakunde bat da, 1985ean birsortua, eta Nafarroan kultur ekitaldi gehien sustatzen edota antolatzen duena. Hamaika arlo edo eledutza daude elkarte honetan, bertzea betze, Euskara eta Herri Kultura eledutza, azken hiru urteotan (2017-2020) nire esku egon dena. Lehenago,bidea bertze batzuk jorratu zuten: Eugenio Arraiza, Iñaki Azkona, Roldan Jimeno, Bingen Amadoz, Juankar Lopez Mugartza eta Ekaitz Santazilia. Bistan denez, emakumezkorik ez orain arte, baina, zorionez, urtarriletik aitzina Ines Castiella andreak hartuko du bere gain ardura nire ordezkatzeko. Ene irudikoz, erakunde orotan, osasungarria izaten da kargu-aldaketa, eta Nafar Ateneoan, ziur naiz, Ines Castiellak ideia berriak ekarriko eta berrindarturik azalduko baita. Eleduna izan naizen hiru urteotan ene ahaleginak euskarari esparru berriak emateko bideratu ditut, euskararen aldeko beste talde edota erakundeek betetzen dutenetatik landara. Hori horrela eta inori harrigarria suerta badakioke ere, erdarazko ekitaldirik ere antolatu dugu, beti ere euskaltzale den baina euskaraz ez dakien jendeari begira; horra hor, gaztelaniaz egindako liburu aurkezpenak eta bestelako emanaldiak.

Azpimarratu nahi dut Iruñeko Udalarekin elkarlanean hilabetero-hilabetero antolatu diren ekitaldiak, Iruñeko Kultur agendan ederki erroturik daudenak, eta Jokin Castiella kultur teknikariari nire esker ona adierazi nahi dio egindako lanagatik. Orobat, elkarlan horren ondorio zuzena dugu Iruña Hiria poesia sariketa, urtez urte finkatzen ari dena eta saridun zerrenda zinez interesgarria osatzen ari dena. Urterik urte, Jon Barberena zena, Juankar Lopez Mugartza, Aintzane Galardi, Mikel Arruabarrena eta, aurtengo edizioan, Erronkariko Oihane Zuberoa Garmendia Bidaia (h)ariketak poema-bildumari esker saridun.

Nafar Ateneoaren nahimena ez da, neholaz ere, euskararen aldeko beste elkarteekin lehiatzea, kolaborazioak bideratzea eta elkarren osagarri izatea baizik. Horregatik, beste elkarteek garatzen ez zuten euskarazko poesiaren arloa, bulkada berezia izan duena, alde batetik Joxemiel Bidador poesia taldea Nafar Ateneoaren abaroan sortu delarik eta, bertzetik, Nafar Ateneo poesia poema bakarrari sariketa berriki sortua, laster hirugarren edizioa beteko duena.

Bistan da, euskarazko kultura sustatzeko lanik eginik ere, lana ez da amaitu; lingua navarrorum delakoaren aldeko ahaleginik eginik ere, beti bada zer eginik. 

No comments: