2025-07-29

In memoriam, Jose Luis Allo Falces

Jose Luis Allo Falces hil dela eta, minaz eta doluminaz landarat, hasieratik beretik aitortzen dut ez naizela beti berarekin ados izan, eta liskarren bat edo beste ere izan dugula. Nolanahi, erdarazko poesiari emana bizi izan den gizon preziatu bat joan zaigu.  Aspaldi ezagutu nuen, duela urte andana ederra. Ile luzea, zapia lepoan eta betaurreko biribilak, begi-lagunak jantzita aldarrikatzen zuen poesia bizi zuela. Faurecian lanean aritzen zen bitartean, poesia buruan zebilkiola aitortu zidan behin. 


Mende honen hasieran Aspaldiku izeneko proiektuan elkarrekin aritu ginen Consuelo Allué, Josu Calvo, Juankar Lopez-Mugartza Peio Etxarri eta beste zenbaitekin. Gero, Nafar Ateneoan elkarrekin lan eginez bilera anitz —ez beti xamurrak— eman genituen elkarrekin. Bere poemaren bat ea euskaratuko niokeen esan zidan behin, baina nago  esan zidala ni kontent egoteagatik eta ez haren nahimenagatik. Nolanahi, berak proposatu zidan estrainekoz poemaren bat bidaltzeko Constantes Vitales aldizkarira.  orobataitor dezadan politikoki antipodetan geundela eta, halarik ere, jakin badakit elkarren lagun ginela. 


Hori frogatu zidan elkar ikusi genuen azkenekoan, Sorian, bera karramarroaren kontrako tratamendua hartzera Madrildik zetorrela eta ni haruntza nindoala. Errepide ondoko kafetegira sartu nintzelarik ikusi eta —zapia buruan zeramala— kostatu zitzaidan hasieran ezagutzea. Solasean hasi eta eskertu egin zidan iazko Iruña poesia sariaren alea helarazi niola Peio Etxarriren bidez. Hark lan handia egin zuen sariketa hori sortzeko eta orain batzuk ez ziren oroitu ezta ale bat emateaz... Ez dut ukatuko arrangura izpi bat antzeman nuela haren begiradan, begi-lagunek estaltzerik ez zutena. Eskertu zidan  detallea eta zorte ona opa nion. 


Orain karramarroak betiko eraman duelarik, pentsatu nahi dut bere poesiak hor darraiela. Betiereko poesiari bizitza eman diola erran dut lehenago, osoki eman ere. Betaurreko biribilak jantzita dabilen norbait ikusi ahala, Jose Luis Allo datorkit burura. Bizitza zer den, poesia zer den: hain ezberdinak izanik ere, poesiak batu eta lagun bihurtu gintuen. Haren de la ceniza y otros bienes perecederos liburutik hartutako poema bat euskaratzeari ekin diot. Aintza eta ohore Jose Luis Allo poeta eta lagunari.







No comments: