Hispano-Suiza beltz dotorea herriko plazara sartu eta txapel-gorri bat azkar jaitsi zen. Txapel gorriaren azpian Eusebio Esparza gordetzen zen. Eusebio Esparzak gure aita berehala ezagutu zuen: “Hara, Teofilo!”. Txapel gorria erantzi zuen esku batekin eta beste eskua aitari eman zion: “Ze moduz, aspaldiko, Teofilo!”
Gure aitak bostekoa eman zion lagun zaharrari: gizondua eta gizendua ikusi zuen Eusebio. Aurpegia eta begirada bestelakoa zuela ematen zuen. Aitak azaldu zion beste bi anaia frontean izategatik libratu eta herrian zela atzera. Kamioia eta Hispano-Suiza beltz dotorearen kontura galdetu zion, ea zertan zenbiltzaten erreketeak han, auto eta kamio batekin.
“San Cristobal gotorlekutik putakume andana batek ihes egin zuen, atzo. Zaindari bati pikotxa batekin burua zartatu eta ihes egin zuten. Zorionez, gutariko bat Aitzoiango kasernaraino joan zen lasterka eta ihesaldiaren berri eman zuen; hori atzo gertatu zen, igandean. Gu boluntario bila ari gara, ea osatzen dugun talde polit bat gorri separatista horiek ehizatzeko. Bidenabar esanda, zuk ederki ibiltzen zenuen mauserra, ez? Zatoz gurekin, Teofilo. Horretarako etorri gara-eta, boluntarioak biltzera.” Eta txapel gorria jantzi zuen, agintaria zein zen nabarmentzeko.
Txapel gorriaren azpian irribarre zuri batez gelditu zitzaion beha aitari, baiezkoa noiz adituko zain. Aitak gizendua, gizondua eta doilortua ikusi zuen lagun zaharra. Irribarre zuriaren atzean bihotz belztua ikusi omen zion aitak, eta ezetz esan zion, eta beste bati esateko: beraiek jadanik behin joanak zirela boluntario, bi urte lehenago, elkarrekin joan ere; ea ez zen oroitzen...
Eusebio Esparzak sudurra zimurtu, txapel gorria atondu, eta beste irribarre zuri batez erantzun zion gure aitari. Gero, batengana eta bestearengana jo zuen: “Gorri hiltzaile horiek harrapatzea untxiak ehizatzea bezain erraza izanen da” aldarrika. Baten bat igo zen, txaloka eta bibaka kamioira.
Txapel-gorria Hispano-Suizara sartu aitzin, aitak galdetu zion ea noiztik zen erreketea, eta Eusebiok esan omen zion: “Ni beti izan naiz karlista, Lacar Tertziokoa” eta, atekada bat emanda, auto beltzaren beltzean gorde zen; txapela gorria baino ez zen ikusten urruntzen ari zelarik.
Urteak joan, urteak etorri, gure aitak inoiz ez zuen lortu gogoratzea Eusebioren karlismoarekiko atxikimendu suhar hori gerra baino lehenagokoa izan zenik.
No comments:
Post a Comment