Henry Blake-en silueta beltza ez zen antzematen kale kantoi ilunaren ilunean. Ezkerreko eskua beroki beltzaren poltsikoan, eta eskuan, 9 milimetroko Browning-en gider hotza sentitzeak nolabaiteko lasaitasuna ematen zion. Blacke-k bazuen, gainera, negu gorriaz gainera, bestelako motiboak dardarka egoteko: Ekialdeko Berlingo kale kantoi hits horretan hitzordua zuen, baina kontaktuak kale eginez gero, sare guztia arriskuan egon, eta errusiarren atzaparretan eror zitekeen.
Lasaitu beharra zuen eta eskuin eskuan piztu berria zuen zigarretaz oroitu zen. Bazekien tabakoa txarra zela, batzuek zioten modu asaldagarrian, tabakoak hil egiten zuela…Baina lasaitu beharra zuen. Eskua jaso, zigarreta ahoratu eta zupada luzea eman zion. Zigarretaren punta gorriz piztu zen kale kantoi ilunaren beltzean, suaren antzera kea irentsi ahala, pentsatu zuen tabakoa txarra izanik ere behar-beharrezkoa zuela; sorterriko oihartzuna ekartzen zion gogora, agian Langley-n egondako denbora luzean tabako gorriaren zapore horretara ohitu zelako; agian, Agentziaren eskoletan ikasitakoa gogora ekartzen ziolako…
Baina Henry Blacke-k ez zuen gehiago gogoratzerik izan. Suaren antzera piztu zen kalearen beste aldetik zetorren hori ez zen zigarreta baten punta gorria. 9 milimetroko bala batek kopetan sartu eta gomuten zakua leherrarazi zion.
Danbadaren oihartzuna joanda, alboko kale kantoi ilunetik beroki beltzeko gizon bat atera zen, Tupolev pistola eskuan, artean bero. Espioi errusiar horrek Henry Blacke hila zela ikusi zuen: Henry Blacke-en kopetako zuloari odol gorriari zerion eta ahoari, ke beltza. “Tabakoak zinez hil egiten du” pentsatu zuen, errusiarrek berezko duten sarkasmoarekin.
No comments:
Post a Comment