Lehengo egunekoa ez zen nolanahiko kontzertua izan Iruñeko Gayarre antzokian. Pablo Milanés-ek, betiko Pablito-k, Iruñera etorri, abesti sorta hunkigarri bat eskaini, entzule ia-ia guztiak bereganatu, eta Txoriak txori kantarekin bahitu zigun bihotza.
Aitortuko dut Kubako abeslariaren betiko kanta horietako batekin baino gehiagorekin -Yolandarekin, adibidez- malkoren bat isuri nuela; zer nahi duzue, bada, ni horrelakoa naiz, eta bizitzaren garratzak askotan negarra eragin didanez, nik nahi dudanean negar egiteko eskubidea aldarrikatzen dut, baita plazerez eta gozamenez ere.
Gure Pablok ederki daki uztartzen betiko kantak eta horren ezagun ez diren kanta berriak. Gainera, tekladuekin eta biolinarekin lagundu ziotenen lana zoragarria izan zen.
Baina apoteosia bukaera-bukaeran izan zen: "Beste bat, beste bat" eta bis bat egitera atera zen: txalo zaparrada ederra. Berriz atera behar izan zen "Gora Kuba"-ka aritzen zirenei ordaina ematera. Beste txalo zaparrada eder bat eta Pablorekin batera kantatzeko aukera berriz izatea apoteosikoa izan zen: bukaeraren bukaeran Pablitok harritu gintuen Txoriak txori kantarekin. A ze txalo zaparrada! Ene, Pablo! Nola ezagutzen gaituzun!
Gaueko unerik hunkigarriena Txoria txori kantaren unea izan zen... Baina hori bezain aipagarriena, haatik, UPNko agintari zenbaiten jarrera antzokiko euren palko nagusian. Gayarre antzokiko entzule asko eta asko atzera begira ibili zen palko nagusian zeuden autoritateei begira, besteak beste, Nafarroako Gobernuko Miranda kontseilaria, Sergio Sayas UPNko parlamentaria... Horiek eta enparauek ez zuten "beste bat" eskatu, ez “gora Kuba” oihukatu: batzuek itxurak egiteari eutsi zioten, baina beste batzuek, berriz, ez zekiten zer egin: listua irentsi ala eskuzarta hotzak jo? Autoritatearen eta beste guztion arteko arrakala sakona nabarmen gelditu zen.
Autoritateek, besteok ez bezala, ez zuten segur aski sarrera ordainduko; gonbidatuak izanen ziren noski. Baina bada beste zerbai bereizten gaituena: sentimendua. Autoritateen eta entzuleen arteko dibortzio-erreskerkia bihurtu ziren JoxAnton Artze poetaren hitzak, Mikel Laboari esker ezagunagoa bihurtu zen Txoria txori olerkia. Autoritateek, aldiz, ez zuten beste guztiokin batera Txoria txori kantatu. Hunkituta eta liluratura atera ginen gehienok Gayarre antzokitik lehengo egunean. UPNko Mirandak, Sayasek eta enparauek sekula gozatuko ez duten zerbait eraman genuen Gayarretik gau gogoangarri batean: Pablo-ren xarma.
Ezkerrona adierazteko, Pablo Milanések besoak zabaldu zituen, oso berea duen keinua eginda. Pabloren besoak azken txoriaren hegoak begitandu zitzaizkidan. "Hegoak ebaki banizkio", ez zen Pablo Milanés izango.
Gau gogoangarri baten ondotik, eskerrik asko, Pablo maitea.
No comments:
Post a Comment