2010-07-05

Kafearen zapore garratza

Lehengo egunean Garmendin izan gara, Garbiñe Arrieta zenaren baserrian. Garbiñeren errautsak, Uruguatik ekarriak, ondo-ondoak genituen, kutxa itxi batean. Kafea eskaini digute haren ahizpek, amultsuki: “Arrietarrak oso kafezaleak gara” adierazi du Garbiñeren ahizpetako batek, Amasako euskara gozoan. Garbiñeren iloba batek kafea ekarri eta zerbitzatu digu. Kafe hutsa gehienok, baten batek kafe-esnea. "Azukrerik?" "Bai, bat." Kafea ausarki bota didate, basokada eder bat kafe beltza. Kafearen lehen zurrupadarekin atsekabean elkarrekin izatea zeinen ona den sentitu dut, eta familiakoa ez naizen arren, ez naiz arrotz sentitu.. Kafearen zapore gogorrak nire aho-sapaian urteak sentitu gabe neraman zaporea berpiztu du, nire haurtzaroko garai lauso batera eraman nauen zaporea. Kafea bukatu eta Amasako elizara joan gara, xirimiria lagun, uztailaren hasierako arratsalde honetan. Garbiñeri agur esan diogu ahoa ireki gabe. Hitzen ordez malko garratzak mintzo dira.

Iluntzean, etxerako bidean, autoan izan ditugu mintzagai: Urlia agertu dela, Sendia ere agertu dela, baina Berendia ez dela agertu... Mintzagai izan dugu hileta elizkizuna, Garbiñerekin azkenekoz izan ginenean, Xalbadorren bertsoak aritu baikinen kantuan eta Billabonako soinu-jotzaileak melodia hori bera jotzean gogora ekarri digulako Garbiñerekin bazkaldu genuen egun hura. Eta, orobat, kafea izan dugu mintzagai. “Beltza zen, zaporetsua, txikoria zuelako; baina ongi prestatuta, neurri-neurrian...” argitu zidan lagunak. Eta neure buruari galdetzen diot non eta noiz izanen dut horrelako kafe zoragarri bat dastatzeko aukera berriz ere, jakinda ere, segur aski, berriz ere Garbiñe Arrieta zenarekin oroituko naizela.

No comments: